Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 6

Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuari eska diezaion COVID-19aren aurkako txertoen patenteak aldi baterako liberalizatzearen aldeko jarrera har dezala

“Ekoizpenaren monopolioa duten farmazia-konpainien espekulazioaren ondorioz” txertoen kopuru mugatu eta eskasarekin amaitzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Espainiako Gobernuari exigitu diezaion Espainiako Estatuak COVID-19aren aurkako txertoen patenteak aldi baterako liberalizatzearen aldeko jarrera har eta defenda dezala Europako Batzordearen eta MMA-Munduko Merkataritza Antolakundearen aurrean, elkarlana ahalbidetze aldera, txertoak areago eta azkarrago eskuragarriak, irisgarriak eta ordaingarriak izatea”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak azaltzen du txertoen eskuragarritasuna urria eta mugatua dela “farmazia-konpainiek, ekoizpenaren monopolioa duten horiek, espekulazioa egiten dutelako”. Ohartarazten du, bestalde, jendea denbora laburrean inmunizatu ezean “birusa mutatu” eginen dela, eta txertoek eraginkortasuna galdu ahalko luketela, eta gaitzetsi egiten du Estatu Batuen eta Europar Batasunaren jarrera, “Indiak eta Hegoafrikak txertoetarako patenteak aldi baterako bertan behera uzteko urrian egin zuten eskaeraren aurkakoa”.

 

Konponbide globalak eskatzen dituen osasun krisi global baten aurrean gaudela ziurtatu ondoren, Covid-19aren aurkako txertoen “ezagutza eta teknologia” partekatzearen alde egiten da, “eskala globaleko inmunizazioa lortze bidean” eta “kutsatze, hildako eta pandemia larriagotuko lukeen aldaera gehiago ekidinez”.

 

Amaitzeko, aipatzen denez, Dukeko Unibertsitateko Osasun Globalaren Berrikuntzarako Zentroaren arabera, “txertoen erdia baino gehiago herrialde aberastuek erosi dituzte, munduko biztanleriaren % 14 besterik biltzen ez badute ere”. Egoera hori “guztiz bidegabea eta elkartasunaren kontrakoa izateaz gain, oso arriskutsua ere bada herrialde guztientzat”.