Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuari eska diezaion Eliza Katolikoak Nafarroan 1998 eta 2015 artean immatrikulatutako ondasunen zerrenda
Ganberak zalantzan jarri du Elizaren ziurtagiria jabetza-agiriarekin parekatu zuen Hipoteka Legearen aldaketa, eta zerrenda osoa argitaratzeko eskatu du
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Espainiako Gobernuari eska diezaion Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondasunen zerrenda, Nafarroako lurralde-eremuan kokatutakoena”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “inbentario bat egin dezan, sei hilabeteko epean, Eliza Katolikoak bere izendapen ezberdinetakoren baten pean eta Hipoteka Legeko 206. artikuluak ezartzen duenaren babesean erregistratu dituen Nafarroan kokaturiko ondasun guztiena. Inbentario hori Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da, pertsona fisiko nahiz juridikoek kontsultarako eskuragarri izan dezaten, halako moldez non doako sarbide askea emanen baitu ondasun eta higiezinei buruz jabetza-erregistro ezberdinengandik jasotako ohar soiletara”.
Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “iker dezan ea immatrikulatutako ondasunen zerrendan ba ote dagoen toki-entitateen herri-ondasunik; eta, hala baldin bada, abiarazi beharreko egintza administratibo edo judizialak abiaraz ditzan, ondasun horiek berreskuratzeko”. Atal hau eta aurrekoa PSNk, ekimenaren titularrak Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugurekin batera sinatutako ordezteko zuzenketa baten bidez aldatuak izan dira.
Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “bulego bat sor dezan, Nafarroan Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondasunek jabetza-erregistroan dituzten inskripzioen zerrendei eta orriei buruzko kontsultetarako eta aholkularitzarako”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren eskariz gehitu da atal hau, zeintzuen gehitzeko zuzenketa onartu baita.
Navarra Sumak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, PSN titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “lantalde bat sor dezan Nafarroan, Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren, Iruñeko Artzapezpikutzaren eta Jabetza Erregistroaren artekoa, argitzearren, elkarrekiko begirunea eta gardentasuna oinarri, ea zein ondasun diren, 1998az geroztik Artzapezpikutzak immatrikulaturikoen artetik, beren jabe zilegia zalantzazkoa dutenak”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak oroitarazten duenez, Aznarren Gobernuak aldatutako Hipoteka Legea izan zen Eliza Katolikoari ahalbidetu ziona eliza-agiri soil batekin jabetza erregistratzea, eta azaltzen duenez, Espainiako Gobernuak Diputatuen Kongresura bidalitako zerrendaren arabera, 994 dira 1998 eta 2015 artean Nafarroan immatrikulatu ziren landa-, hiri- eta kultu-ondasunak.
-
Mozioa (29. NPAO, 2021-03-02koa)