Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Martxoak 23

Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuari Larrialdietako eta Estualdietako Medikuntzaren espezialitate berria sortzea eska diezaion

Pazientearen segurtasuna eta laguntzaren kalitatea hobetzeko eta prestakuntza eta laguntza homogeneizatzeko helburuarekin

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Espainiako Gobernua premia dezan Larrialdietako eta Estualdietako espezialitate berria sor dezala oinarrizko espezialitate gisa, Espainiako Osasun sistema Nazionalaren Espezialitate Medikoen Mapari gehituta”.

 

Bigarren puntuan, “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Genetika Klinikoko eta Gaixotasun Infekziosoetako espezialitateak sor ditzan medikuntza-alorrean; Ortodontzia eta Kirurgiakoa, odontologia-alorrean; eta ZIUkoa, Gaixo Kritikoen Arretakoa, Ospitaleratzekoa eta Zainketa Berezietakoa, erizaintzaren alorrean. Horiek guztiak, Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren medikuntzako eta erizaintzako espezialitateen egungo mapari gehituta”. Atal hau talde guztiek aurkeztu duten zuzenketa baten emaitza da.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak pandemiako bi urte hauetan larrialdietako zerbitzuak egindako lana azpimarratzen du, “larrialdietako eta estualdietako zerbitzuak, askotan, herritarrak osasun sistemara iristeko lehen sarrera izan direlako”, Oinarrizko Osasun Laguntza gainezka egotearen ondorioz, proba diagnostikoen atzerapenagatik, minbiziaren detekzio goiztiarreko programetan edo itxarote-zerrenden okerragotzea dela-eta.

 

Gogorarazten du 2019an Osasunaren Mundu Erakundeak estatu kide guztiei gomendioa egin ziela Larrialdietako eta Estualdietako Medikuntzaren eta Erizaintzaren prestakuntza espezializatua garatzeko. Honen harira, ziurtatzen du Larrialdietako eta Estualdietako Medikuntzaren espezialitatea Europar Batasuneko 22 herrialdetan eta munduko 100 baino gehiagotan aitortu dutela, eta hori dela eta, salatzen du 2002an Osasun Ministerioak lan talde tekniko bat sortu zuela espezialitatea sortzea aztertzeko, eta “orain arte konpromiso horiek ez direla bete”.

 

Hori dela eta, espezialitatea sortzeko eskaera egiten da, bilatzen baitu “pazientearen segurtasuna eta laguntzaren kalitatea hobetze Espainiako larrialdietako eta estualdietako arretan, zerbitzu horietako prestakuntza eta laguntza homogeneizatzea eta eta Europar Batasunean profesionalen zirkulazio askea ahalbidetzea”.

 

Nuria Medina  buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Marta Álvarez, Elena Llorente, Maria Jesús Valdemoros, Ángel Ansa, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Txomin González eta Patricia Perales (EH Bildu).

 

*Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda- Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (26. NPAO, 2022-02-25ekoa)