Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urtarrilak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da eSports Plan Estrategiko bat diseina dezan eta industria hori Nafarroako Foru Komunitatean garatu dezan

Babes publiko eta instituzionala eskatzen da garapen sozial eta ekonomikoko eragile berri honi bultzada emateko, zeinaren negozio-bolumena oraindik oso txikia baita Foru Erkidegoan

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bildu eta I-Eren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “behar diren lege- nahiz erregelamendu-neurriak abiaraz ditzan, Nafarroan kirol elektronikoen sektorea arautzeko, haren errealitatea eta beharrizanak aintzat hartuta”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “Kirol Elektronikoei buruzko Plan Estrategikoa bultza dezan, diziplina hori garatzeko, sustatzeko, prestatzeko eta ezagutzeko, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean talentua atxiki eta erakartzeko ere”.

 

Era berean, eskatzen da “kirol elektronikoen sektorearekiko lankidetza bultza dezan, lehiatzeko moduko tokian paratzeko, haren hazkundea babesteko, egun dauden enpresak jasangarri egiteko eta nazioko nahiz nazioarteko kapitala Nafarroara erakartzeko”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “jada indarrean dagoen prestakuntza-eskaintza diseinatu eta hobetu dezan Hezkuntza Departamentuarekin, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuarekin eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin lankidetzan, kirol elektronikoen sektorearen garapena eta produkzioa, jarduera eta balioak bultzatzeko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak kirol elektronikoen industriaren berri ematen du. Jarduera “korala eta interkonektatua da, Espainian 35 milioi inguruko negozio-bolumena duena”. Honek, Foru Komunitateko sektore publiko eta instituzionala “garapen sozial eta ekonomikoko eragile berri hori bultzatzeko erronkaren aurrean jartzen du, izan ere, Nafarroan, 2019an 150.000 euroko diru-sarrerak sortu zituen”.

 

Testuinguru horretan, eta kirol elektronikoekin lotzen diren “gizarte-harremanetarako modu berriei” dagokienez (praktikatzaile edo ikusle soil gisa), proposamena egin duenak azpimarratu du sektore horrek gizartean barneratzeko duen gaitasuna, “eragin nabarmena baitu gazterian, baita emakumeengan ere”.

 

Gauzak horrela, horrelako ekimenak susta daitezen eskatzen da, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen da lege-garapen egokia lortzea, baita “eSports-en merkatuan inplikatutako Nafarroako eragileen talentua erakartzeari eta atxikitzeari dagokionez ere”.