Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Martxoak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da Etxarri Aranazko eta Olaztiko liburutegien ordutegiak pareka ditzan liburutegi sareko gainerakoekin

Legebiltzarrak desberdintasun honi konponbidea emateko eskaera egiten du, liburutegi hauek 2019an egindako ordutegi-aldaketetatik kanpo gelditu baitziren

Kultura eta Kiroleko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Etxarri Aranazko eta Olaztiko liburutegiak 2019ko irailean egin ziren ordutegi-aldaketetatik kanpo uzteko arazo teknikoak konpon ditzan eta gainontzeko liburutegiekin parekatzeko egin beharreko izapideak egin ditzan”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gogorarazten du aurreko legegintzaldian ordubete aurreratu zela Nafarroako liburutegiak irekitzeko ordutegia, “erabiltzaileekiko elkarreragina areagotzeko eta hobetzeko, liburutegietako langileak udalerrietako teknikariekin koordinatzeko, udal-esparruan irakurketa sustatu eta bultzatzeko jarduera bateratuak egin ahal izateko”.

 

Hala ere, azaltzen da arrazoi jakin batzuengatik Etxarri Aranazko eta Olaztiko liburutegiak ordutegi zabaltze horretatik kanpo geratu zirela, eta “une honetan bi udalerri horietako biztanleek zerbitzu murritzagoa dute liburutegi-sareko gainerako udalerriekin alderatuta”.

 

Horregatik, proposatzaileek liburutegi horien ordutegia gainerakoekin pareka dadila eskatzen dute, “desberdintasun hori konpontzeko eta udalerri guztiek aukera berdinak izan ditzaten”.

 

Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon dira Raquel Garbayo, Alberto Bonilla, Javier García, Jorge Esparza, Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Carlos Mena, Arantza Biurrun, Virginia Magdaleno (PSN), Pablo Azcona, Ana Ansa (Geroa Bai), Patricia Perales, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).