Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 2

Nafarroako Gobernua premiatzen da Europako Kontseiluari exiji diezaion Europaren politika komertzial komunaren berrikusketa azkar dezan

Premiazkotzat jo du Ganberak Foru Komunitatearen interes industrialak babesteko lege- eta arau-aldaketak planteatzea, batez ere automozioaren eta berriztagarrien interesak

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Estatuko Gobernuari eska diezaion Europako Kontseiluan exiji dezan Europaren politika komertzial komuna berrikustea –prozesu hori jada 2021ean abiarazi zen–, ziurtatze aldera inportatutako produktuak bidezko prezio batean saltzen direla Europar Batasunean, horien jatorria zein ere den, eta gure industria kalteetatik babes dezan eta atzerriko enpresen lehia desleialari aurre egin diezaion; esaterako, dumpingaren eta dirulaguntzen kasuan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “Europako Kontseiluan exiji dezan aukera-berdintasuna bermatuko duten arau-aldaketak ezartzea, ekidite aldera jardunbide komertzial desleialek Europako enpresak kaltetzea, batik bat enpresa txiki eta ertainak”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Foru Legebiltzarrak Europako Kontseiluari eskatzen dio “Europaren politika komertzial komun berriaren helburua izan dadin bere esku dauden tresna guztiak erabiltzea justizia soziala eta ingurumenaren jasangarritasuna babesteko, zehazki trantsizio ekologikoa babesteko eta balio-kate arduratsu eta jasangarriak sustatzeko”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Estatuko Gobernua premiatzen du “Kontseilu Europarrari eska diezaion sendotu ditzala nazioarteko lankidetzaren ikuspegia, desberdinkeriaren aurkako borroka, giza eskubideen bermea eta Nazio Batuen 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen xedeen sustapena, gure merkataritza-politikaren ardatz nagusi bihur daitezen”.

 

Azken paragrafo hau Contigo-Zurekinek aurkeztu duen eta Geroa Baik, ekimenaren titularrak onartu duen in voce zuzenketa baten emaitza da.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Europako Kontseiluko lehendakaritzak Espainiari ematen dion protagonismoa probesteko deia egiten du, Foru Erkidegoaren interes industrialak babestera bideratutako "lege- eta arau-aldaketak" proposa ditzan, batez ere "automobilgintzaren eta energia berriztagarrien" eremuan, horiek baitira lehia basatiak bereziki kaltetzen dituen bi sektoreak.

 

Ildo horretan, Txinak Europan enpresak ezartzeko duen erraztasunaz ohartarazten da, eta barne-merkatuaren protekzionismoaren eta EBk kontinente zaharrean kokatzeko eta merkatu-kuota irabazteko ematen dituen erraztasunen arteko korrespondentziarik eza azpimarratzen da.