Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Urriak 26

Nafarroako Gobernua premiatzen da euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izan dadin Osasunbideako logopeda lanpostuetako batean

Zerbitzua euskaraz ematen dela bermatzea eskatzen du Ganberak, komunikazioan eta hizkuntzan zentratutako diziplina denez gero

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren eta PSNren abstentzioekin (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izan dadin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantilla organikoan dauden logopeda lanpostuetako batean, gutxienez ere, euskaldunei osasun-laguntza hori eman ahal izango zaiela bermatzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “euskararen eskakizuna duen plaza bat sar dezan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko logopedia espezialitaterako Lan Eskaintza Publikoko hurrengo deialdian. Eta bermatu dezan beti egongo dela euskaran behar besteko prestakuntza duen pertsona bat logopeda plaza batean, unitate horretako langileen artean, plaza bere jabetzakoa izan edo aldi baterako kontratatuta egonda ere”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak ohartarazten du hamarkada bat baino gehiagoko jardunaren ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Logopedia Unitateak “oraindik ere ez duela euskaldunei osasun-prestazio hori bermatzeko behar adinako euskararen ezagutza duen profesionalik”.

 

Pertsonen bizi-ziklo osoan zehar giza komunikazioaren, mintzairaren, hizketaren, ahotsaren, entzumenaren eta hitzezkoak ez diren ahozko funtzioen azterketaz, ikerketaz, prebentzioaz, ebaluazioaz, diagnostikoaz eta tratamendu osoaz arduratzen den diziplina zientifikoa eta lanbidea da logopedia. Hori dela eta, proposatzaileak komenigarritzat jotzen du uneoro arreta euskaraz bermatzea.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Ángel Ansa, Raquel Garbayo, Elena Llorente, Maria Jesús Valdemoros, Marta Álvarez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Uxue Barkos (Geroa Bai), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu).