Nafarroako Gobernua premiatzen da ez diezaion diru publikoarekin lagundu ikasleak sexuaren arabera bereizten dituen inongo ikastetxeri
“Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren izenean” eta Hezkuntza Lege berria oinarri hartuta, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeekin egindako itunei amaiera eman nahi zaie
Parlamentuaren Osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “sexu-segregazioan oinarritutako hezkuntzaren eredua baztertzailea dela eta bultzatzen dituen balio eta harreman ereduak ez datozela bat azken urteotan Nafarroan egindako urratsekin, hezkidetzarekin eta berdintasunean oinarritutako politika publikoekin”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “ez dezala diru publikoz lagundu ikasleak sexuaren arabera bereizten dituen hezkuntza eredua duen inongo ikastetxerik, eta hori 2021-22. ikasturtetik aurrera gauzatzeko plana aurkez dezan hiru hilabeteko epean”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko eta sexu, genero edo sexu-identitateagatiko diskriminazioari aurre egiteko 2015 eta 2019 artean egindako legegintza-jarduerak errepasatu ditu, eta, LOMLOE legea indarrean dagoela, 17/2012 Foru Legearen edukia berreskuratzera deitu du, gerora indargabetua izan dena, ikasleak sexuagatik bereizten dituzten ikastetxeen finantzaketa publikoa eragozteko.
Ildo horretan, adierazten da Nafarroan lau direla sexuaren araberako segregazioa egiten duten ikastetxeak, eta orain arte itunduta egon direla Nafarroako Gobernuarekin, finantzazio publikoa jasotzen dutelarik.
-
Mozioa (130. NPAO, 2020-11-20koa)