Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Azaroak 3

Nafarroako Gobernua premiatzen da ez ditzan aplika DBHko eta Batxilergoko azken ebaluazioak

Hezkuntza komunitatea eta Parlamentua LOMCEren aurka daudenez, bestelako araubide bat eskatu da, gure errealitateari egokituko zaiona eta parte-hartzeari irekita egonen dena

Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, Nafarroako Gobernua premiatzen duena “inola ere ez dezan aplika uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioak arautzen dituena”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Foru Gobernuari eskatzen zaio “LOMCE-Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa arbuia dezan, legea indargabetzearen aldeko apustua egin dezan eta jarrera irmoa izan dezan legearen garapena geldiarazteko, segurtasun juridikoa betiere bermatuz”. UPN eta PPN izan dira aurka bozkatu duten bakarrak. PSNk aldeko botoa eman du, Gobernua osatzen duten lau alderdiekin batera.


Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “jarrera irmoa izan dezan, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemarentzat egitura- eta antolaketa-autonomia nahikoa lortze aldera, hezkuntza-araudia nafar gizartearen berariazko ezaugarri, interes eta beharrizanetara egokitu ahal izateko”.


Hori guztia lortze aldera, Foru Gobernuari dei egiten zaio “eztabaida politiko eta soziala abiaraz dezan ukitutako eragile guztiekin (irakasleak, ikasleak, guraso-elkarteak, sindikatuak...)”. Epigrafe horrek, aurrekoak bezala, aurrera egin du Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren babesarekin eta UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatuta.


Zioen azalpenean, EH Bildu parlamentu-taldeak sustatutako erabakiak Ministro Kontseiluak uztailaren 29an onetsitako Errege Dekretuari egiten dio erreferentzia eta, horri dagokionez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioak ez aplikatzeko eskatzen du, honako hau kontuan hartuta: “Nafarroan, hezkuntza-eragile ia-ia guztiek arbuiatu dituzte proba horiek eta LOMCE bera arbuiatu egin zuen Parlamentu honek”.


Proposatzailearen iritziz “beharrezkoak dira gizartearen eta hezkuntza-erkidego osoaren akordioa eta parte hartzea, baldin eta gure hezkuntza-errealitatearen araberako araudi bat lortu nahi badugu”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (117. NPAO, 2016-10-14koa)