Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urriak 6

Nafarroako Gobernua premiatzen da Foru Erkidegoaren Intereseko Inbertsio deklara dezan Magnesitasen ustiapen proiektua

Esteribar ibarreko garapen sozioekonomikoan izanen duen eragina eta ingurumena babestearekin eta biodibertsitatea kudeatzearekin bateragarria dela azpimarratzen da

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Magnesitas Navarras-ek Artesiaga aldean (Esteribar-Baztan, Nafarroa) magnesita ustiatzeko proiektua foru intereseko inbertsio deklaratu dezan”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Artesiagako meatze-proiektua babesten du, “Eugiko aztarnategia datozen sei urteetan agortuko dela kontuan hartuta, Magnak Esteribarko bailarako familia askorentzat gutxienez 25 urtez enplegua eta bizi-kalitatea bermatzen jarraitzeko aukera bakarra” dela iritzita.

 

Ildo horretan, eta Artesiagakoa bezalako habitat natural baten berezko mugei dagokienez, erauzketa-proiektuarekin batera doan lehengoratze-plana nabarmentzen da, abeltzaintza-jarduerarekin, ingurumenaren babesarekin eta Esteribar eta Baztango udalerrien artean dagoen (Erdizko larrea) eta Natura 2000 Sarean integratuta dagoen Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bati lotutako biodibertsitatearen kudeaketarekin “bateragarria” dena.

 

Horregatik guztiagatik, eta inbertsioaren garrantzia (18 milioi) eta horrek Esteribar Ibarreko garapen sozioekonomikoan duen eragina kontuan hartuta, non “zuzeneko 239 enplegu eta zeharkako 500 inguru sortzen diren”, proposamena egin duenak justifikatutzat jotzen du Foru Erkidegoaren Intereseko Inbertsio deklaratzea.