Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da foru lege proiektu bat aurkez dezan hiltegietan telebista bidezko zirkuitu itxiak nahitaez instala daitezen

Sektorearen eskaerei erantzuteko, gardentasun-froga bat egiteko eta erabiltzaileek sektoreko enpresengan jarritako konfiantza areagotzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “lege proiektu bat aurkez dezan, gure erkidegoko hiltegietan telebista bidezko zirkuitu itxiak nahitaez instala daitezen, albaitari ofizialen zerbitzuen kontrol-eginkizunaren osagarri”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztutako ebazpenak, elikagaien segurtasuna eta animalien ongizatearen inguruko eztabaida aintzat hartuta, Europar Batasunaren Erregelamenduak zehazten dituen baldintzen “kontrol eraginkorra” aurrera eramateko neurriak definitzeak dituen zailtasunak nabarmentzen ditu.

 

Sektorearekin lotutako interes-taldeek -harakintza-industriak, sindikatuek, albaitari ofizialek, kontsumitzaileen elkarteek eta ekoizpenerako animalien ongizatearen alde lan egiten duten elkarteek– autonomia erkidegoetako gobernuei eskatzen diete telebista-kameren bidezko zirkuitu itxiko sistemak ezar ditzaten beren lurraldeetako hiltegietan.

 

Equalia GKEak legegintza-proposamen baten bidez eskaera honi forma eman dio, elikagaien segurtasunari eta animalien babesari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko neurriak bultzatuz, eta bere ustetan, honela kontsumitzaileei “gardentasun-froga bat emanen litzaieke, eta erabiltzaileek sektoreko enpresengan jarritako konfiantza areagotzen lagunduko luke”.

 

Gauzak honela, sustatzaileek diote planteamendu honek harakintza-industriaren babesa daukala, ANICEko Zuzendaritzak animalien ongizatearekiko konpromiso irmoa berretsi baitu eta Administrazioari eskatu baitio egin beharreko legegintzako aldaketak egin ditzan hiltegietan bideozaintzako kamerak ezartzea ziurtatzeko.

 

*EH Bildu talde parlamentarioa ez da Osoko Bilkuran egon.