Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da gardentasunaren nahiz publizitate aktiboaren arloetako betebehar guztiak bete ditzan

5/2018 Foru Legean jasotako printzipio eta konpromisoak aldarrikatzen dira jarduera publikoan eta gobernu-ekintzan gardentasuna behin betiko bultza dadin eskatzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “gehienez ere 9 hilabeteko epean oso-osorik bete ditzan Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legeak gardentasunaren nahiz publizitatearen arloetan ezartzen dituen betebehar guztiak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “gehienez ere 6 hilabeteko epean bete dezan Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa, eta legearen aplikazioari buruzko ebaluazio globala egin eta Nafarroako Parlamentura igor dezan”.

 

Azkenik, hirugarren puntuan, PPNren eskariz, Foru Exekutiboa premiatzen da “Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Legearen 67.2 artikuluan ezarritakoa bete dezan”. PPNk aurkeztu duen eta UPNk, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza da atal hau.

 

Jatorrizko testuak beste atal bat zuen, baztertu egin dena PSNren, Geroa Bairen, Contigo-Zurekinen eta Voxen aurkako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta UPNren eta PPNren aldeko botoekin, eta proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “behin betikoz bazter dezan herritarrek eta foru parlamentariek informazioa jasotzeko eskubidearekiko jarrera oztopatzailea, eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legearen 11. eta 13. artikuluetan eta III. tituluan nahiz Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritakoa bete dezan”.

 

Aurrera egin du, ordea, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin taldeak 1. puntua aldatzeko aurkeztutako zuzenketak, 5/2018 Foru Legean jasotako betebeharrak betetzeko Nafarroako Gobernuari emandako epea bost hilabetetik bederatzi hilabetera luzatzeko.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak legeak oinarritzat dituen printzipioak aipatzen ditu, adierazteko bost urte geroago, Nafarroako Gobernuak “oraindik ez dituela betetzen jarduera publikoaren eta gobernuaren ekintzaren gardentasuna bermatzearekin lotutako betebehar asko, legea bera betetzen den ebaluatzea barne".

 

Ildo horretan, eta Gardentasunaren Kontseiluaren 2022ko oroitidazkia dagokionez, adierazten da Nafarroako Gobernuak “zuzendu egin behar duela herritarrek nahiz horien ordezkariek informazioa eskuratzeko eta Gobernu garden bat izateko eskubidearekiko jarrera obskurantista eta oztopatzailea”.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (18. NPAO, 2023-10-16koa)