Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Maiatzak 19

Nafarroako Gobernua premiatzen da gizarte zerbitzuen kalitatea hobetu dezan

Diagnostiko bat egin dadin eskatzen da, gero III. Kalitate Plana egiteko, 2018a baino lehen, parametro berritzaile eta berme-emaileekin

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur erabaki bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “209/1991 Foru Dekretua alda dezan, gaur egungo kalitate-eskakizunen arabera”.

Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badauka, non foru gobernua premiatzen baita “2010-2013 aldirako I. Kalitate Planaren ebaluazioa 2016a amaitu baino lehen egin dezan”.

Halaber, hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “gizarte zerbitzuen egoerari buruzko diagnostikoa egin dezan eta II. Kalitate Plana 2018a baino lehenago presta dezan”.

Ebaluazio horrek, zehazten den bezala, honako hauek jaso beharko ditu: “zerbitzu-eredu berritzaileen ikerketa eta ezarpena; Eskubide Sozialetako Departamentuarenak diren zerbitzuak hitzartzeko orduan gutxieneko baldintza teknikoak eta lan arlokoak ezartzea; langileentzako prestakuntza plan bat; lana bateragarri egiteko neurriak; erabiltzaileen eta familien parte-hartze handiagoa; eta zaintzaile informalak babesteko eta trebatzeko neurriak”.

Halaber, foru exekutiboa premiatzen da “Gizarte Zerbitzuen Zorroan aipatutako zerbitzu ezberdinetarako protokoloak, erregistroak eta programak zehatz ditzan, lehentasuna emanda egoitza-izaerako zerbitzu bermatuei, nahitaez bete beharrekoak zerbitzu publikoentzat eta postu itunduentzat”.

Gainera, eskatzen da “zentro-kudeaketako proiektu bat presta dezan, El Vergel zahar-egoitzak egina; kudeaketa-eredu hori kalitatean oinarritu behar da, eta pertsona bakoitzaren beharrizanak eta nahiak hartu behar ditu aintzat”.

PSN parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean, Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legera jotzen da, non jasota baitago lau urtez behin kalitate plan bat egin beharra dagoela; eta horri dagokionez azpimarratzen du 2010-13 plana ez dela ebaluatu; taldearen iritziz, horrek zalantzan jartzen du esparru horretan etengabeko hobekuntzaren bila ibiltzeko eginkizunaren betetzea.

Horri dagokionez, proposamen-egileak gogorarazten du gizarte zerbitzuen laguntzaren kalitatea “erantzukizun publikoa” ez ezik, erabiltzaileen eskubidea ere badela, eta, horrenbestez, lehentasunezko helburu bat; bada, helburu hori betetzeko, nahitaez, “pertsona ahulenen bizi-kalitatea hobetu beharra dago”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (63. NPAO, 2016-05-06koa)