Nafarroako Gobernua premiatzen da gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua berma dezan Gobernuak eta haren erakunde autonomoek antolatutako ekitaldietan
Ganberak Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legearen aginduetara jotzen du, eta komunikazio inklusiboa eta ez-diskriminatzailea sustatzeko konpromisoa hartzen du
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, PPNren abstentzioarekin eta talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua berma dezan Gobernuak eta haren erakunde autonomoek antolatutako ekitaldietan. Horretarako, behar diren neurriak hartuko ditu parte hartzen duen ekitaldi guztietan irudi askotarikoa eta plurala eskaintzeko, hala nola foroetan, jardunaldietan, lantaldeetan, agerraldietan, publizitatean, prentsaurrekoetan, epaimahaietan, sari-banaketetan eta ekitaldi ofizial orotan”.
Adierazten da, salbuespena izanen direla “genero-berdintasunaren arloan egiten diren ekitaldiak, eta parte-hartze txikia duten eremuetan emakumeak ikusaraztea helburu dutenak, zeintzuk emakumeen presentzia handiagoa izatearen irizpidearekin egiten ahalko baitira”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “komunikazio inklusiboa eta ez-sexista bermatzeko estrategiak eta ekintzak garatu ditzan. Genero-estereotipoetan eta/edo desberdintasun- eta diskriminazio-harremanak betikotzen dituzten estereotipoetan oinarritutako informazioa eta komunikazioa erreproduzitzea ekidinen da. Horretarako, emakumeen eta LGTBI+ pertsonen pertzepzio sozialari modu negatiboan eragiten dioten genero-estereotiporik gabeko hizkuntza eta irudiak erabili beharko dira”.
Azkenik, eta PSNk aurkeztu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin koordina dezan aurreko paragrafoetan adierazitako gaiei buruzko gida eta/edo protokolo berariazkoen eta partekatuen prestaketa”.
PSNk aldatzeko beste zuzenketa bat aurkeztu du baina EH Bildu ekimenaren titularrak ez du onartu. Proposatzen zuen ebazpen honen aplikazioa "Foru Komunitateko erakunde guztietara" zabaltzeko, ez bakarrik Nafarroako Gobernura.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea eta Emakumeek eta gizonek ordezkaritza parekidea eta presentzia orekatua izateko abuztuaren 1eko 2/2024 Lege Organikoa aipatzen ditu, parte-hartze eta ordezkaritza paritarioaren printzipioa bete dadin eskatzeko, izan ere, printzipio horren arabera “emakumeen eta gizonen presentzia halako modukoa izanen da non sexu bateko pertsonak ez diren izanen % 60 baino gehiago, ezta % 40 baino gutxiago ere, eta joko da sexu bakoitzeko % 50 lortzera”.
Hala, “harreman asimetrikoei amaiera emateko eta emakumeek esparru politiko, ekonomiko eta sozialean parte-hartze ekitatiboa izanen dutela bermatzeko”, hizkuntza eta komunikazio inklusiboa erabiltzeko beharra ere aipatzen da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko dagoen tresnetako bat dela iritzita.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (28. NPAO, 2026-03-18koa)