Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Apirilak 26

Nafarroako Gobernua premiatzen da haur- eta gazte-populazioan suizidioa prebenitzeko estrategia bat ezar dezan

Osasun mentalera bideratutako aurrekontuaren igoera nabarmena eskatzen da, lehen mailako arretan ere profesionalen hornidura ziurtatzeko eta sareko lana bultzatzeko

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Osasun Mentalerako aurrekontuaren gorakada nabarmena lor dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren aralean Foru Exekutiboa premiatzen du “estrategia berezi eta berritzaile bat ezar dezan haur eta gazteen osasun mentaleko problemei heltzeko eta horiek artatzeko. Horretarako, nahitaez jo beharra dago Oinarrizko Osasun Laguntzara, osasun mentaleko zerbitzu espezializatuak zamagabetzeko”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Oinarrizko Osasun Laguntza sendotzearren horni dezan psikologiako zerbitzu bereziz, eraginkortasuna frogatu baitute osasun mentaleko problemen kasu arin eta moderatuen % 70en”.

 

Bestalde, eskatzen zaio “ziurta dezan zerbitzuak osasungintzako profesionalez hornituta egotea, psikiatriako eta psikologiako espezialitateak barne, egungo eskari guztiari erantzuteko”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Osasun Departamentutik bultza dezan Nafarroako Foru Komunitate osoan sare-lana egitea baliabide komunitario ezberdinekin: Oinarrizko Osasun Laguntzako osasungintza-langileekin, osasun mentaleko zentroetako osasungintza-langileekin, gizarte-zerbitzuekin, ikastetxeekin, gizarte-erakundeekin eta abarrekin”.

 

Seigarren puntuan Nafarroako Parlamentuak Gobernuari eskatzen zaio “berritze-lana egin dezan, haur eta gazteentzako hurbileko baliabide berariazkoak sortuz, irisgarritasun handiagoa eskainiko dutenak, bai eta hurbilagotzea ere haien eskaera, zalantza, beldur, antsietate, desorientazio eta abarretara”.

 

Bestetik, eskatzen zaio “osasun-etxe guztietan prestakuntza-programak abiaraz ditzan, arreta pediatrikoa sendotzeaz gain”.

 

Gainera, Gobernua premiatzen da “ikastetxe guztietan prestakuntza-programak ezar ditzan, irakasle, orientatzaile eta populazio-sektore hau artatzen duten gainerako profesionalei zuzenduak”.

 

Eskatzen zaio, baita ere “osasun mentaleko problematika eta laguntza-baliabide eskuragarriak ikusarazteko eta horietaz sentsibilizatzeko kanpainak taxutu eta jendearenganatu ditzan.

 

Era berean, hamargarren puntuan Nafarroako Gobernua premiatzen da “informazio-kanpainak egin ditzan, gurasoak kontzientziatze aldera sare sozialek haur eta gazteengan duten eraginaz eta horiek internet eta teknologiekin egiten duten erabileraz helduak jakitun izatearen beharraz”.

 

Amaitzeko, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “ohartaraztea pertsonen osasun mentalak beharrezkoa duela bizitzako lehen urteetan jorratuko den esku-hartze bat, garai horretan tankeratzen baita haurren oinarri emozionala”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak lotura bat ezartzen du haurren eta gazteen osasun mentalaren narriaduraren eta bereziki pandemiaren garaian nabarmendu diren jokabide suiziden gorakadaren artean, eta ohartarazten du portaera hori, 15 urtetik beherakoen artean bikoiztu dena, bigarren heriotza-arrazoia dela jada 15 eta 29 urte bitarteko adin-taldean.

 

Gauzak horrela, eta arrisku-faktoreak zehatz-mehatz aztertu ondoren (emetasuna, depresio-sintomak izatea, COVID-19aren eragin handiagoaren pean egotea eta sare sozialen kontsumoa), premiazkotzat jotzen da lehen mailako arretaren eremuan neurriak hartzea, Psikiatriaren eta pediatriaren alorretako osasungintzako profesionalek eta gaixoen elkarteek emandako jarraibideekin bat etorriz; izan ere, ohartarazten ari baitira haur- eta gazte-populazioan osasun mentaleko problemek eta suizidio-pentsamendu eta -jokaerek izan duten kasu-gorakada larriaz eta neurriak hartzearen premia gorriaz.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Marta Álvarez, Ángel Ansa, María Jesús Valdemoros, Maribel García Malo, Elena Llorente (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Laura Aznal (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

•  Mozioa (28. NPAO, 2022-03-04koa)