Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Urriak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da haurdunaldiko, jaiotzako nahiz jaioberriko dolua aitor dezan eta arreta publiko integrala bermatu diezaien errealitate horrek ukituei

Osoko Bilkurak onetsi du. 2025eko urriaren 16an

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako erregistro-adierazle batzuk ezar ditzan, datuak eskuragarri egon ahala, estatistiketan haurdunaldiaren etapa guztiak sartzeko eta, horrela, datu egiatiak izateko errealitate ikusezin horri buruz.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Foru Exekutiboa premiatzen du arretan inplikatutako langile guztien prestakuntzarekin jarrai dezan (baita langile ez-sanitarioen kasuan ere), sistemaren eta tratuaren humanizazioaren eta sentsibilizazioaren ikuspegitik, bi helbururekin: familiei lagun egitea eta informazioa ematea, eta profesionalei prestakuntza eta laguntza ematea, eta, kasua bada, talde terapeutikoak edo haientzako programa egonkorrak sortzea baloratzea.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du protokolo edo gida bateratu bakarra ezar dadin Nafarroan, haurdunaldiko, jaiotzako eta jaioberriko doluak dituzten pertsonei arreta integrala emateko. Protokolo horrek bermatuko du:

 

- Koordinazio eraginkorra asistentzia-arlo eta -mailetan, denek izan dezaten gertakariaren berri eta horren arabera jardun dezaten: hitzorduak bertan behera uztea eta jarraipen-hitzorduak sortzea (lehen mailako arreta, ginekologia eta obstetrizia, osasun mentala...).

 

- Horrelako galerak jasan berri dituzten pertsonei arreta emateko behar diren intimitatea eta denbora, Nafarroako ospitaleetan espazioak egokituz, amatasun-eremuan arreta ematea saihestuz.

 

- Familiak prestatu beharko dira haurtxoa agurtzeko, informazioa eta aukerak eskainiz. Horretarako, ekipamenduak egongo dira, hala nola "sehaska hotzak", zaintza-zirkuitu bat eta argazkiak egiteko aukera. Hala ere, oroitzapen-kutxa bat eskainiko da beti.

 

- Laguntza psikologikoa ematea kaltetuei eta haien ingurune afektibo zuzenari, eta, kasu guztietan, dauden programei buruzko informazioa ematea, bai eta erreferentziazko dolu-taldearekin harremanetan jartzeko aukera ematea ere.

 

- Arloan adituak diren profesionalak kontuan hartuko dira gida edo protokolo hori taxutzeko, bai eta Nafarroako haurdunaldiko, jaiotzako eta jaioberriko doluaren inguruan lan egiten duten elkarteak eta eragileak ere.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du haurdunaldiko, jaiotzako eta jaioberriko galera pairatzen duten pertsona guztiei zuzendutako programen garapena eta ezarpena susta dezan eta programa horietarako sarbidea eta deribazioa handitu eta malgutu dezan, baldin eta hori eskatzen badute.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eta ukitutako pertsonen artean laguntza- eta elkarrizketa-sareak sor ditzan, entitate aitortuen bidez.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ONOZ-Osasunbideak sentsibilizazio-kanpainak egin ditzan urriaren 15aren inguruan, hau da, haurdunaldiko, jaiotzako eta jaioberriko doluaz kontzientziatzeko nazioarteko egunaren inguruan. Dolu horiek baliozkotzeko eta sozializatzeko helburuarekin, isiltasuna, tabua eta estigmak gainditzeko.

 

PSN talde parlamentarioak aurkeztu du. 

 

 UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin onetsi da.