Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da Helduen Hezkuntzarako plan estrategiko bat landu eta ezar dezan

Aukera berdintasun handiagoa lortzeko, gizarte-kohesioa areagotzeko eta EB osatzen duten pertsonen eta lurraldeen etorkizun ekonomikoa ziurtatzeko

Hezkuntza batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Helduen Hezkuntzarako plan estrategiko bat landu eta ezar dezan, oinarri hartuta bizitza osoan garatzen den etengabeko ikaskuntza, lan merkatuaren beharrizanak, gaitasunak hobetzeko helduentzako ibilbideak sortzea, emaitzen monitorizazio sistematikoa eta ELGAk eta Europako Kontseiluak emandako gainerako gomendioak”.

 

Helduen Hezkuntzarako plan estrategikoak kontuan hartu beharko ditu, halaber, hezkuntza testuinguru formal eta ez-formaletako etengabeko prestakuntza eta garapen pertsonal eta soziala. Hala zehazten da Geroa Baik eta EH Bilduren aldaketa-zuzenketan, ekimenaren titular den Navarra Sumarekin batera.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Europar Batasuneko Kontseiluaren 2016/C 484/01 Gomendiora jotzen du, zeinetan aurreikusten den oinarrizko izaera duten lanpostuak murriztu eginen direla laster, eskatzeko gaitasunak hobetzeko helduentzako ibilbideak sor daitezen, horretarako aintzat hartuta generoa, aniztasuna, eta prestakuntza beharrizan desberdinak dituzten zenbait azpitalde daudela helduen artean.

 

Ildo horretan, argudiatzen da berrikuntza teknologikoek eta ekonomiaren eta lan merkatuaren etengabeko aldakuntzek ekarri duten hezkuntza paradigmaren aldaketak pertsonak “behartu” dituela prestakuntza izatera beren lan bizitza osoan. Horretarako, ELGAk argitaratutako gomendioak jarraitzeko deia egiten du, zeinak aholkatzen duen, besteak beste, “norberaren garapena eta garapen soziala erdigunean jartzen dituen ikaskuntza sustatzea edo sormena eta espiritu ekintzailea garatzea”.

 

Amaitzeko, sustatzaileak helduentzako prestakuntza-estrategia eraginkorra abian jartzeak duen garrantzia azpimarratzen du, “aukera berdintasun handiagoa lortzeko, gizarte-kohesioa areagotzeko eta Batasuna osatzen duten pertsonen eta lurraldeen etorkizun ekonomikoa ziurtatzeko”.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Pedro González, Javier García, Raquel Garbayo, Ángel Ansa, Pachi Pérez, Iñaki Iriarte (G.P. Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (G.P. PSN), María Solana, Ana Ansa (G.P. Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Txomin González (G.P. EH Bildu) y Marisa de Simón (G-Mixto I-E).

 

* Podemos-Ahal Dugu ez da batzordean izan.