Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Apirilak 12

Nafarroako Gobernua premiatzen da herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egin ditzan biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoari eta tabakismoaren eragin kaltegarriei buruz

Hasierako faseetan diagnostikatzeko zaila den gaixotasun horren ondorio larriei buruz ohartarazten da, laugarren heriotza-kausa baita Espainian, eta hirugarrena munduan

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak egin ditzan biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoari eta tabakismoaren eragin kaltegarriei buruz”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “Oinarrizko Osasun Laguntzako profesionalak kontzientziatzea patologia hori pairatzen ahal duten pazienteei espirometria bezalako proba diagnostikoak egiteko beharraz”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako eta Espainiako Gobernua premiatzen dira “inhalatzeko terapia hirukoitzerako sarbidea erraztu diezaien biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa duten pazienteei, hura preskribatzeko behar duten bisatua behin betiko kenduz”. Atal hau Navarra Sumak aurkeztutako eta talde sustatzaileek onartutako ordezteko zuzenketa baten bidez gehitu da.

 

Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua eta Osasun Departamentua premiatzen ditu “Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta laguntza espezializatuaren arteko koordinazioa hobetu dezaten, graduetako laguntza prozesuetan, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa fase egonkorrean edo exazerbazio fasean maneiatzerakoan”. Atal hau eta hurrengo guztiak EH Bilduk aurkeztu duen eta talde sustatzaileek onartu duten gehitzeko zuzenketa baten emaitza dira. Navarra Sumak atal honen aurkako botoa eman du.

 

Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “erizaintza protagonista izan dadin prebentzioan, diagnostikoan, jarraipenean eta pazienteendako zainketa planean”. Navarra Sumak atal honen aurkako botoa eman du.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “egiturei, prozesuei eta emaitzei buruzko adierazleak ezar ditzan”.

 

Gainera, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua eta Osasun Departamentua premiatzen ditu “ohiko ospitaleratzeen ordezko aukerak garatu ditzaten eta teknologia berriak,  telemedikuntza eta big data, aplika ditzaten”.

 

Bestetik, Osasun Departamentuari eskatzen zaio “biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren eta beste gaixotasun askoren aurkako heziketa eman dezaten haur etapetatik hasita populazio osoarenganaino iristeko, pazienteak tratamenduei atxikitzea lagunduz eta lehen zaintzailearen figura ezarriz, funtsezko eginkizuna baitu gaixotasun kronikoetan”.

 

Ildo berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “indartu dezan ikerketa epidemiologikoa, oinarrizkoa, klinikoa eta traslazionala, kronikotasunean berrikuntza sustatuz”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua eta Osasun Departamentua premiatzen ditu “hedabideetan zabalkunde kanpainak egin ditzaten tabakismoaren eta arnasten dugun airearen kutsaduraren ondorioei buruz”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak biriketako patologia kronikoaz (BGBK) hitz egiten du, “normalean tabako-ohiturarekin lotuta dagoena,” eta adierazten duenez, hasierako faseetan oligosintomatikoa izan daiteke, halako moduan non diagnostikoa oharkabean pasatu baitaiteke. Gainera, gaixotasunak dituen ondorio kaltegarriei buruz ohartarazten du, adieraziz “Espainian hiltzeko laugarren arrazoia” dela, eta munduan hirugarrena.

 

Testuinguru horretan, herritarrak tabakoaren eragin kaltegarriei buruz kontzientziatzearen alde egiten da, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren prebalentzia handitzea kontuan hartuta, herritarrei afekzio horren ondorioez ohartarazi ahal izateko. “11.000 pertsonak dute gaitz hau Nafarroan, eta hiru milioi baino gehiagok Estatu osoan”.

 

Nuria Medinak (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Cristina Ibarrola, Raquel Garbayo, Marta Álvarez, Ángel Ansa, María Jesús Valdemoros, Elena Llorente (Navarra Suma talde parlamentarioa), Patricia Fanlo, Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Txomin González, Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (115. NPAO, 2020-10-23koa)