Nafarroako Gobernua premiatzen da higiezinen espekulazioaren kontrako neurriak susta ditzan
Etxebizitzaren eginkizun soziala bermatzeko, esku hartzeko tresnak higiezinen sektoreko dinamika berrietara egoki daitezen eskatu du Parlamentuak
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren, talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko arau-aldaketak aztertu eta, kasua bada, susta ditzan, tentsiopeko etxebizitza-merkatuaren zonaldeetan etxebizitzen erosketa espekulatiboa mugatzea ahalbidetzen duten tresnak txertatzeko, ohiko bizileku gisa erabiltzeari lehentasuna emanez”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “erabilera lagatzeko epe luzerako hitzarmenak bultza ditzan gutxiegi erabilitako higiezinen titular diren entitateekin, erlijio-entitateak eta beste entitate batzuk barne, etxebizitza sozialeko programetara bideratzeko”.
EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du baina PSN ekimenaren titularrak ez du onartu. Proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “txosten juridiko bat presta dezan, gehienez ere sei hilabeteko epean, edukitzaile handiek eta inbertsio-entitateek tentsiopeko etxebizitza-merkatuaren zonaldeetan etxebizitzak erosteari mugak ezartzearen bideragarritasuna aztertzekoa, etxebizitza horien erabilera ohiko bizileku izatearena ez denean. Horren xedea litzateke balizko foru-lege proiektu baten prestaketa ahalbidetzea, espresuki aztertuz ea proiektu hori bat letorkeen Nafarroako Foru-araubide juridikoarekin eta Zuzenbide Zibil berekiarekin, eta bateragarria litzatekeen Estatuko eta Europar Batasuneko ordenamendu juridikoekin”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak etxebizitza duina eta ordainerraza lortzeko eskubidea foru-erkidegoaren erronka sozial eta ekonomiko nagusien artean kokatzen du eta, ildo horretan, azken urteotan tresna arauemaileen eta politika publikoen bidez emandako “urrats garrantzitsuak” nabarmentzen ditu, besteak beste, etxebizitza babestua bultzatzea, tentsiopeko etxebizitza-merkatuaren zonaldeetako alokairu-merkatua arautzea, parke publikoa indartzea, lankidetza publiko-pribatua, zaharberritzea bultzatzea, pizgarri fiskalak eta kolektibo kalteberak babesteko neurriak.
Hala eta guztiz ere, merkatuko prezioek gazteen eta familia langileen aukeretan eragiten duen presioa arintzeko tresna tradizionalak nahikoak ez direnez, etxebizitza-politika publikoak berritzea, aurrea hartzea eta sormen instituzionala eskatzen dira esku hartzeko tresnak higiezinen sektoreko dinamika berrietara egoki daitezen.
Zentzu horretan, eta eraikuntza berriaren mende soilik egon gabe, horren epeak eta kostuak handiak baitira, tentsiopeko zonaldeetan dinamika espekulatiboak mugatzeko eta gutxiegi erabilitako ondarea mobilizatzeko neurriak hartzea proposatzen da, higiezinen titular diren entitateekin erabilera lagatzeko akordioen bidez, etxebizitza sozialera bideratzeko. Jabetzaren funtzio soziala indartzen duten eta esku-hartze publikoaren ahalmena handitzen duten tresnak dira, ondasunen titulartasuna aldatu gabe.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (25. NPAO, 2026-03-13koa)
Archivos adjuntos