Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Martxoak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da hilabeteko epean sor dezan NEKPen lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordea

Enpresa publikoetako lanaren kalitatea bermatuko duen negoziazio-esparru egonkor eta segurtasun juridikodun bat sortzeko helburuarekin

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak gaur aho batez onetsi du erabaki bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “hilabeteko epean sor dezan Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoan biltzen diren Nafarroako Gobernuko enpresa publikoentzako lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzordea”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerrako talde parlamentario mistoak aurkezturiko ebazpenak Nafarroako Gobernuko enpresa publikoetako ordezkariek martxoaren 3an lan-bilkuran egindako proposamena jasotzen du. Bertan, adierazi zuten enpresa publikoak atxikita dauden egungo hitzarmena (Bulego eta Langelen Hitzarmena) ez datorrela bat enpresa publikoen errealitatearekin eta arazoekin, eta, beraz, hitzarmen kolektibo propioa negoziatzeko beharra aldarrikatu zen.

 

Ildo horretan, gogorarazten da 2016an lantalde bat eratu zela, eta, bertan, zenbait arlotan CPENek emandako jarraibideetan islatu diren hobekuntzak negoziatu izan direla, baina salatzen denez, jarraibide horiek ez dute segurtasun juridikorik eta agerian uzten dute beharrezkoa dela enpresa publikoetako lanaren kalitatea bermatuko duen negoziazio-esparru egonkor eta segurtasun juridikodun bat sortzea.

 

Isabel Aranburu (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Maria Jesús Valdemoros, Isabel García Malo, Juan Luis Sánchez de Muniain, José Suárez, Pachi Pérez, Carlos Pérez-Nievas (G.P. Navarra Suma), Javier Lecumberri, Ainhoa Unzu, Jorge Aguirre (G.P. PSN), Mikel Asiain (G.P. Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Adolfo Araiz (G.P. EH Bildu), Mikel Buil (A.P.F. Podemos-Ahal Dugu) y Marisa de Simón (G.P. Mixto-Izquierda-Ezkerra).