Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da Hitzarmenaren Legearen aldaketa bat presta dezan

Legebiltzarrak uste du Estatuaren zorpetze “geldiezinaren” interesak eta amortizazio-kuotak egoztea justifikaziorik gabea eta jasanezina dela

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen eta Navarra Sumaren aldeko botoekin (UPNri dagozkion 15 boto eta PPNri dagozkion 2), PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioekin eta Ciudadanosen ordezkari diren hiru parlamentarien aurkako botoekin (Navarra Suma), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Hitzarmenaren Legearen aldaketa bat presta dezan, Estatuko zor guztien interesak eta amortizazio-kuotak Nafarroak bereganatu gabeko kargatzat jotzeari dagokionez”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atal bat du, Navarra Sumak aurkeztu duen eta Geroa Bai ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu dena, eta Gobernua premiatzen du “aurreko puntuan adierazitako aldaketan adierazpen egokiak erants ditzan, Estatuak europar zor mankomunatua itzultzeko eta horren interesak ordaintzeko pairatzen dituen zamek Ekarpenaren kalkuluaren gainean izan lezaketen inpaktuari buruzkoak”.

 

Bestalde, PSNk aurkeztutako aldaketa egiteko zuzenketa ez da onetsi, zeinaren bidez Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “Hitzarmen Ekonomikoari buruzko Negoziazio Batzordearen deialdia egin dezan, hitzarmenetik eratorritako harreman finantzarioak oraingo errealitatearen eta estatu-araudian izandako lege-aldaketen arabera moldatzeaz aritzeko”.

 

Sozialisten proposamenak zioenez, “afarroako Gobernuak, egungo errealitatearen araberako doitze hori proposatze aldera, proposamen tekniko bat prestatuko du, Hitzarmen Ekonomikoan diru-ekarpena zehazteko jasotzen den metodologiaren egokitzapenerako”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak hitzarmenaren indarraldia aldarrikatzen du, "Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko harreman ekonomikoaren oinarri denez gero", baina testuak jasotzen duen honakoarekin ez dago ados: “nolanahi ere, Foru Komunitateak bereganatu gabeko kargatzat hartzen dira Estatuaren zor guztien interesak eta amortizazio-kuotak”. Izan ere, azaltzen du “azken hamabost urteetako finantza-politikak zor publikoa Barne Produktu Gordina baino zifra altuagoetara” eraman duela.

 

Ildo horretan, aipatzen da ekarpen hori ezin dela esponentzialki hazi Estatuaren zorpetzea pixkanakakoa eta geldiezina izate hutsagatik, (haren zorra 1,3 bilioi baino gehiagokoa da, eta BPGdaren % 114 egiten du), horrek eragiten baitu “interesen eta amortizazio-kuoten zenbatekoak pisu ikaragarria hartzea ekarpenaren kalkuluan, hainbesteraino non jasanezina eta justifikaziorik gabea gertatzen baita hitzarmenaren logikatik”.

 

Nafarroak Estatuari egiten dion ekarpena urteroko ekarpen bat da, Foru Komunitateak Estatuaren karga orokorren finantzaketan duen partaidetza gisa. Ekarpen hori zehazteko, egozpen-indizea aplikatzen zaio Foru Komunitateak bereganatu ez dituen Estatuaren kargen eta dagozkien konpentsazioen guztizko zenbatekoari. Nafarroak bereganatu gabeko kargak Nafarroak benetan egikaritzen ez dituen eskumenei dagozkienak dira.

 

2019an, azken aldia amaitzen zen urtean, Estatuarentzako hitzarmen bidezko ekarpena 548 milioikoa izan zen, ehuneko hamar jaitsita 2015arekin alderatuta, bi administrazioak 2017ko abenduaren amaieran ekarpenaren eguneratzeari buruzko adostasun batera iritsi ondoren. 2020an, 585,6 milioi euroko aurrekontua ezarri zen gai horretarako, eta 2021erako, 560 milioi euroko aurrekontua dago.