Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Martxoak 22

Nafarroako Gobernua premiatzen da I+G+b arloko Aholku Kontseiluari eska diezaion Ezagutzaren Transferentziaren egoerari buruzko txosten bat lehenbailehen egin dezan

Merkataritza-aukerak sortzeko garrantzitsua dela azpimarratzen da, alderdi publiko eta pribatuak etekina lortzen baitute informazioaren eta berrikuntzaren bi norabideko fluxutik

Garapen Ekonomikorako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eta PSNren aldeko botoekin eta I-Eren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako I+G+b arloko Aholku Kontseiluari eska diezaion Nafarroako Ezagutzaren Transferentziaren egoerari buruzko txosten bat lehenbailehen egiteko, zeinean aztertuko baita zenbateraino bete den Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legean nahiz 2017tik 2020ra bitarteko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean ezarritakoa”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Nafarroako Ezagutzaren Transferentziaren nondik norakoak eta betebeharrak ezarriko dituen erregelamendu-xedapen bat eman dezan, Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, halako moduan non prozesuaren guztiontzako onura eta Nafarroako herritarrengan duen eragina ziurtatuko baitira”.

 

Bestalde, Gobernua premiatzen da “Nafarroako unibertsitateetatik edo teknologia zentroetatik sortzen diren ikerkuntza-proiektuak Ezagutzaren Transferentziaren eskutan jartzeko pizgarri ekonomikoak paratzea; batez ere, patentatzen direnak”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboa premiatzen da “Nafarroako Ezagutzaren Transferentzia nazioartera hedatzen laguntzea; hartara, bere izaeragatik gure lurraldean ez dauden enpresen ekimenei prozesuan parte hartzea ahalbidetuko zaie”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 13ko 15/2018 Foru Legean eta 2017tik 2020ra bitarteko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean babestuta, Transferentzia Teknologikoa eskatzen du, hau da, ikerkuntza-ezagutza praktikoa eta teorikoa alderdi publikotik –unibertsitateak, gobernuak eta teknologia-zentroak– alderdi pribatura –enpresak– eramateaz arduratzen den ekintza, helburu duena produktua merkatuan jartzea, merkataritza-aukerak sortzea eta lurralde bateko ekonomia bizkortzea, halako moduan non bi alderdiek lortzen baitute etekina informazioaren eta berrikuntzaren bi norabideko fluxutik.

 

Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak abenduan aurkeztu zuen Cervera programa aipatzen da, zeinak “600 milioi euroko inbertsioa suposatzen duen Ezagutzaren Transferentzian enpresa txiki eta ertainetako eta teknologia zentroetako berrikuntzan”.

 

Jokin Castiella (Geroa Bai) batzordeburu izan duen saioan izan dira Luis Zarraluqui, Carmen Segura (UPN), Rafael Eraso (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia, Ainhoa Unzu (PSN) eta José Miguel Nuin (I-E).