Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Ekainak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da ikastetxeei utz diezaien pandemiaren aurreko eskola-antolaketa eta -ordutegia berreskuratzen

Argudiatzen da egoera duela urtebete baino askoz hobea dela eta ordutegi jarraitua ez dela gai izan hezkuntza presentziala baldintza seguruagoetan bermatzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSNren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako ikastetxe guztiei utz diezaien, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 153/2021 Ebazpenaren arabera, pandemiaren aurreko eskola-antolamendua eta -ordutegia berreskuratzen”.

 

PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Hezkuntza Departamentua premiatu nahi zuen "Nafarroako ikastetxe guztiei utz diezaien, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 153/2021 Ebazpenaren esparruan, pandemiaren aurreko eskola-antolamendua eta -ordutegia berreskuratzen, betiere egoera pandemikoak ahalbidetzen badu".

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Hezkuntza Kontseilariak, "hezkuntza presentziala segurtasun eta osasun baldintzetan bermatzeko helburuarekin”, 2021/2022 ikasturtean eskolaldi jarraitua derrigorrez mantentzeko adierazitako argudioen aurka egiten du, izan ere, erabakia “azkarregi” eta “familiak, sektore kaltetuena kontuan hartu gabe” hartu baitzen.
 

Horren harira, gogorarazten da eskolaldi jarraituaren aldeko apustua egiteko erabakia 2020ko abuztuaren amaieran hartu zela, "ikasturtea hasi baino astebete eskas lehenago", eta adierazten denez, “osasun-krisiaren bilakaerari buruzko aurreikuspenei, txertaketan izaten ari den aurrerabideari edo kontrol-neurriak aplikatzeko ezagutza areagotu izanari erreparatuta, egoera askoz ere hobea” dugula eta horregatik neurria “ez dela onargarria”.
 

Ildo horretan, ondorioztatzen da eskolaldi jarraituak ez duela balio izan "konfinatutako ikasleen erregistro hobeak lortzeko lanaldi zatitua edo beste eskola-antolaketa mota bat aukeratu zuten beste erkidego batzuekin alderatuta, hala nola banaketak edo aurrez aurreko txandakatzea". Aitzitik, "Nafarroan konfinatuta egon diren ikasleen kopurua autonomia erkidego gehienetan baino askoz ere handiagoa izan da”.