Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urriak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da informazio puntu bat ireki dezan energia-merkatuaren errealitatearen gaineko aholkularitza eskaintzeko

Herritarren “ziurgabetasuna” eta “kezka” argudiatzen da, erabakiak hartzeko bitarteko eta jakintza nahikorik ez duten familiei laguntzeko helburuarekin

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren, PSNren eta EH Bilduren abstentzioarekin (I-Ek ez du bozketan parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobenua premiatzen baita “leihatila fisiko bat ireki dezan herritarrei energia-merkatuan dauden errealitate ezberdinei buruzko informazioa emateko, gai horien gaineko aholkularitza eskaintzeko eta kontratuak eraldatzeko behar diren izapideak egiten laguntzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak, bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen dio “sortutako zerbitzu berria leku, giza baliabide eta baliabide material eta zuzkidura ekonomiko egokiz hornitu dezan, bere eginkizunak gauzatu ahal izateko”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “hedapen-kanpaina bat egin dezan, herritarrei jakinarazteko zerbitzu berria abiarazi dela”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “hartutako neurrien, horniduren eta prezioen igoeraren inguruan herritarrek duten ziurgabetasuna” mahaigaineratzen du, eta hori dela eta, informazio eta aholkularitza gune bat ireki dadin eskatzen du, kontratazio aukera desberdinei buruzko zalantzak argitzeko, batez ere “azken baliabideko tarifari (edo tarifa arautuari) eta merkatu librekoari buruzko zalantzak”.

 

Ildo horretan, aipatuta “leihatila fisikoa” zerbitzu publikoa izan dadila azpimarratzen da, “familia guztiek ez baitute behar beste bitarteko, aukera edo jakintza beren kontratuak aztertu eta, egoki izanez gero, egin beharreko aldaketak egin ahal izateko”.

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (116. NPAO, 2022-10-18koa)