Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da informazioa eman dezan Next Generation delakoaren barruko finantzaketa-prozesuan baloratutako proiektuei buruz

Legebiltzarrak Nafarroako ekonomian beharrezkoak diren eredu ekonomiko eta produktiboaren aldaketak errazteko pizgarri fiskal hauek duten garrantzia azpimarratzen du, egonkortze-gaitasuna dela eta

Parlamentuaren Osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Suma eta PSNren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “hilero Parlamentuan agerraldia egin dezan, mozio hau onesten den egunetik, Foru Araubidearen Batzordean edo Parlamentuan horretarako eratzen den beste batean, Next Generation funtsetara aurkeztu nahi diren edo aurkezten diren proiektuen kudeaketari buruzko azalpenak emateko”.

 

Eman beharreko informazioaren barruan, zehazten denez, “nahitaez azaldu beharko da erabakiak zein organok hartuko dituen, zein proiektu aurkeztuko diren eta zein ez Funtsen finantzaketa lortzeko, zer pertsonak hartuko dituzten erabakiak eta zein irizpide aukeratu diren horretarako”.

 

Bigarren atalak ez du aurrera egin, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “talde parlamentario guztiei berehala eman diezazkien Nafarroako Gobernuak Next Generation delakoaren barruko finantzaketa-prozesuan joan den irailetik baloratu dituen arlo publikoko proiektu guztiei buruzko informazio eta dokumentu guztiak. Beraz, informazioa eman beharko du aurkezpenerako dagoeneko baloratu dituen proiektuei, jada ezetsi dituenei eta oraindik baloratzeko dirautenei buruz”. PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkako botoa eman dute, EH Bildu eta I-E abstenitu egin dira eta Navarra Sumak alde bozkatu du.

 

EH Bilduk aldaketa egiteko zuzenketa bat aurkeztu du, baina Navarra Suma ekimenaren titularrak ez du onartu, eta "lankidetza publiko-pribatuari" erantzuten dioten proiektuei informazioa emateko betebeharra zabaltzen zuen, Europako Gaietarako Ponentzia aktibatzea eskatzen zuen, azaroaren 6an onartu zen bezala (Europako funtsei buruzko osoko bilkura monografikoa), "Nafarroak parte hartzen duen jardueren eta proiektuen jarraipena eta kontrola" egiteko.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “eraginkortasuna, ardura eta gardentasuna” eskatzen ditu Next Generation funtsei lotutako proiektuen hautaketa eta kudeaketari dagokionez. “Pizgarri fiskal” honek, “egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko behar den tamainako egonkortze-politika baterako aukera emateaz gain, palanka eta aukera ezin hobea ematen du Espainiako ekonomian eta, zehazki, Nafarroako ekonomian beharrezkoak diren eredu ekonomiko eta produktiboaren aldaketak errazteko”.

 

Ildo horretatik, eskatzen da lehenbailehen antolatu daitezen beharrezkoak diren mekanismoak, argiro informatzekoak gure erkidegora iristen diren funtsen muntari eta baldintzei buruz, bai eta eska daitezkeen merezimenduak badituzten proiektuei funts horiek emateko prozedurei eta baldintzei buruz ere.