Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Abenduak 9

Nafarroako Gobernua premiatzen da kalitatezko arreta sozio-sanitarioa berma diezaien gaixotasun mental larria duten pertsonei

Ganberak sare publikoko plazen urritasunaz ohartarazi du, eta 2018an handitu eta berritutako Iruñeko Xabierko San Frantzisko Zentroaren etorkizuna bermatzera deitu du

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin (I-Ek ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “kalitatezko arreta soziosanitarioa berma diezaien gaixotasun mental larria duten pertsonei, eta arreta hori ahal dela zerbitzu publikoek eman dezaten”.

 

Testu originalak bigarren atal bat zuen, baztertu egin dena PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, eta Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “San Frantzisko Xabierkoa zentroaren etorkizuna berma dezan –Nafarroako Gobernuak zuzenean kudeatutako zentro komunitario publiko gisa– eta San Frantzisko Xabierkoa zentroren egoitza-plazak arian-arian handitu ditzan, instalazioek onartzen duten gehienekora iritsi arte (177 pertsona)”. EH Bilduk aldeko botoa eman du eta Navarra Suma abstenitu egin da.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartu ez duena. Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “gaixotasun mentala duten pertsonentzako arreta soziosanitarioa garatzen jarrai dezan, ahalik eta gizarteratze handienaren paradigmaren pean, gainerako herritarrek dauzkaten baldintza berberetan eta ahalik eta autonomia pertsonaleko eta bizi kalitateko maila handienarekin. Egoitza-baliabideak behar direnean, azken horiek elkarbizitza-unitate txikiak izanen dira, ikuspegi komunitarioa dutenak”.

 

Era berean, asmoa zen Nafarroako Gobernua premiatzea “urtea bukatu aitzin lizita dezan gaixotasun mental larria dutenentzako etxebizitzen esparru-akordioa”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Kontuen Ganberak egindako auditoria eta Osasun Mentalari buruzko 2019tik 2023ra bitarteko Plan Estrategikoa aipatzen ditu, bertan zehazten baita “baliabide soziosanitarioak ez direla nahikoak gaixotasun mental larria duten pertsonak artatzeko. Hutsune hori zerbitzuari lotutako prestazioak emanez betetzen da, nahiz eta teorian ohiz kanpokoa izan”.

 

Gauzak horrela, eta Espainiako Neuropsikiatria agentziak ezarritako RAEM (gaixotasun mental larria duten pertsonentzako egoitza lagundua) eta CRPS (errehabilitazio psikosozialeko zentroa) baliabideetako kalitate-estandarrak betetzen badira ere, egoitzen, egoitza laguntzadunen eta tutoretzapeko eta gainbegiratutako etxebizitzen eskariari erantzuteko beharra azpimarratzen da.

 

Gainera, Iruñeko San Frantzisko Xabierkoaren zentroari dagokionez, haren bi arreta-modalitateak optimizatzearen alde egin da, egoitza psikiatrikoa eta psiko-geriatriko lagundua. Honekin, egoiliarren kopuruaren beheranzko joerari buelta eman nahi zaio, 2018an handitu eta eraberritu arren 68 bakarrik baitira.