Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da kirolean egoera sexistei aurre egiteko laguntza-zerbitzua sor dezan

Emakume kirolariei zuzendutako zerbitzu bat izango litzateke, Nafarroako Kirolaren Institutuaren baitakoa, arreta indibidualizatua eskaintzeko baliabide profesionalekin

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen ba onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Kirolaren Institutuaren barrenean arreta zerbitzu anonimo eta doako bat era dezan, kirolgintzan sexu-abusu eta -jazarpenetik eta sexuagatiko jazarpenetik babestekoa, Nafarroako haur, nerabe eta emakume kirolzaleei zuzendua, non telefonoz, posta elektronikoz nahiz Whatsappez laguntza eta aholkularitza eskatzen ahalko baitute jasaten dituzten abusu- eta jazarpen-egoeren aurrean”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak adierazten du Emakumezkoen Futbol Mundialaren ospakizunean Espainiako emakumezkoen futbol-selekzioan gertatu zenak ikusarazi eta mahai mediatiko eta sozialaren gainean jarri dituela kirolgintzaren mundo “maskulinizatuan” dauden abusu, sexu-jazarpen eta sexuagatiko jazarpeneko egoerak, edozein dela ere kirolaren esparrua, diziplina eta kategoria.

 

Hori dela eta, “konfiantzazko gune bat” sortzeko beharra azpimarratzen da, non “zaindu eginen baitira egoera horietan dauden pertsonak, haien egoerari modu indibidualizatuan erantzute aldera baliabide publiko profesionalak bideratuz”.

 

Testuinguru horretan, proposatzen da Nafarroako Foru Komunitatean kirolgintza eta aisialdi esparruetan haurtzaro eta nerabezaroko indarkeriari aurre egiteko jarduketa-protokoloa oinarritzat har dadin Nafarroako Kirolaren Institutuan bildutako kirolgintzan sexu-abusu eta -jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari erantzuteko arreta-zerbitzu bat sortzeko.