Nafarroako Gobernua premiatzen da klimaterio eta menopausiari buruzko prestakuntza-programa berariazkoak berma ditzan
Halaber eskatzen da jarduera-protokolo bat lantzea, bermatze aldera arlo honetako lanketa eta arreta egokiak izan daitezen
Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat onetsi du gaur, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Zurekinek emandako aldeko botoarekin eta Voxek emandako aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita klimaterio eta menopausiari buruzko prestakuntza-programa eguneratu eta berariazkoak berma ditzan ikasle eta profesionalentzat, bai eta Oinarrizko Arretako espezialistentzat ere.
Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badauka, zeinean Nafarroako Gobernua premiatzen baita "azterlanak egin ditzan eta jarduera-protokolo bat landu dezan, bermatze aldera klimaterioaren eta horren barruan menopausiaren lanketa eta arreta egokiak, sintomatologiak osasunerako ekartzen ahal dituen efektuak minimizatzeari eta klimaterioa osasun-ikuspegi integral batetik tratatzen dela bermatzeari begira".
Nafarroako Gobernuari halaber eskatzen zaio "gizarte osoari zuzendutako informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina instituzional bat abiaraz dezan, klimaterioa eta menopausia ezagutzera emateko eta naturalizatzeko, eta prozesu horien inguruan dauden sinesmenak, mitoak, aurreiritziak eta estereotipoak desagerrarazte aldera".
Horrez gain, ebazpenak Estatuko Gobernua premiatzen du "menopausiarekin eta klimaterioarekin lotutako osasun-produktuen BEZa murrizteko aukera azter dezan".
Bosgarren puntuan eskatzen da "azter, iker eta analiza daitezela menopausiadun emakumeen kasu haiek zeinetan osasun-eragina baitago goiztiartasunagatik (menopausia-aurrea), bai eta aztarna eta sintoma nabarmeneko menopausia eta menopausia-oste (klimaterioa) kasuak ere".
Seigarrenik, informazioa eskatzen da, "kremak, pilulak eta ordezkoak eta azientifikoak diren terapien kontsumo orokortuaren eraginkortasunik ezari buruzkoa, horiek inolako kontrolik gabe erakusten baitituzte menopausiari loturiko sintomak tratatzeko indikazioa".
Era berean, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin –Osasunbidea– elkarlana egon dadin eskatzen da, diziplinarteko menopausia-unitateak sortzeaz gogoeta egitea, zeinen bidez etapa honentzako arreta integralari erantzunen baitzaio". Hala esaten da zazpigarrenik. Zehazki, puntu horrek ez du Geroa Bairen eta Voxen babesik jaso, aurka bozkatu dute-eta.
"Oinarrizko Osasun Laguntza eta Osasun-laguntza Espezializatua diren laguntza-mailen koordinazioa faboratu eta hobetzea, osasungintza publiko eta komunitariotik menopausiaren alorreko laguntza, irakaskuntza, ikerketa eta dibulgazioa egin dadin" da mozioaren zortzigarren puntuaren edukia.
Azkenik, dei egiten da "menopausia-aldian zehar osasungintza komunitarioan parte-hartzea susta dadin, toki administrazioekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, emakumeen bizitzako etapa garrantzitsu eta luzea den aldetik".
Bosgarrenetik bederatzigarrenera bitarteko epigrafe horiek gehikuntza egiteko zuzenketa baten ondorio dira, PSN talde parlamentarioak sinatua eta Zurekinek onartua.
Zioen azalpenean, Zurekin Nafarroa talde parlamentarioak aurkezturiko mozioak oroitarazten du ezen Nafarroan, NASTATen datuen arabera, 45 urte baino gehiagoko 176.644 emakume dagoela (45etik 70 urtera bitarteko 119.605 emakume); hortaz, klimaterioaren uneren batean daude.
Moziogilearen iritziz, baldintzapen biologiko hori ikusmolde feminista batetik landu behar da; izan ere, autonomia- eta ahalduntze-aldi bat ere ekar dezake.
- www.parlamentodenavarra.es
- Publicación de la moción (BOPN n.º 12, de 04-02-2025
- Enlace con las imágenes de la videoteca
Archivos adjuntos