Nafarroako Gobernua premiatzen da komunitate ekintza prebentiboaren lana sustatu eta aldeztu dezan
Zerbitzua beste zona geografikoetara hedatzea proposatzen da, baita adituekin batera COVID-19aren krisiak sortutako egoerei aurre eginen dieten proposamenak prestatzeko lan egitea ere
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “komunitate ekintza prebentiboaren lana sustatu eta aldeztu dezan, errazte aldera beste zona geografiko batzuetara heda dadin”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “komunitate-prebentzioko taldeekin eta arloko adituekin batera lan egin dezan, babes komunitariorako proposamen berriak prestatze aldera, COVID-19aren krisiak sortutako egoerei aurre eginen dietenak”.
Ebazpenak hirugarren atal bat zuen, ezetsi egin dena Navarra Sumaren aurkako botoarekin, PSNren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, eta honela zioen: Legebiltzarrak “oinarrizko zerbitzu bezala aitortzen eta aldezten du Komunitate Ekintza Prebentiboko Zerbitzuek haurrak babestearen arloan egiten duten lana”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak “esku-hartze komunitarioa indartzea” defendatzen du haurrak babesteko sistema gisa, are gehiago momentu honetan, “konfinamenduek eta murrizketa sozialek haurren garapen sozio-emozionala eremu itxietara zokoratu dutenean”, eremu horietan gertatzen baitira babesgabetasuneko eta eskubideen urraketako egoera gehienak.
Ildo honetan, familiaren barneko eta gizarteko indarkeriaz ohartarazten da, droga-kontsumoaren areagotze esponentzialaz eta gaixotasun mentalen igoeraz, eta azaltzen da arazo hauek adingabeen autonomia prozesuak zuzenean kaltetzen dituztela, “fobiak, beldurra, ziurgabetasunak eta depresioak eraginez”.
Esku-hartze komunitarioaren logikari jarraiki, haurrek eta gazteek bizitza komunitarioan parte hartzeko deia egiten da, auzoa izanik “oinarrizko laguntzarako lurralde-unitatea eta sozializazio eremua”. Hala jasotzen du, sustatzaileek diotenez, 2018-2022 urteetarako Iruñeko Haur eta Nerabeendako I. Planak, Iruñeko Udalarenak, zeinaren komunitate-prebentzioko zortzi taldeak bertan behera gelditu diren.
-
Mozioa (120. NPAO, 2020-11-06koa)