Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Maiatzak 12

Nafarroako Gobernua premiatzen da Konstituzioaren 135. artikulua eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa indargabetzea eska dezan

Ganberaren ustez, interes orokorraren eta herritarren eskubide sozialen aurkako erasoa dira, are gehiago egungo testuinguruan, aurrekontu eta inbertsio publikoak mugatzen baitituzte

Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua eta Gorte Nagusiak premiatzen baititu “2011n onetsitako Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma indargabetzeari ekin diezaioten, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du indargabetze hori babestu eta eska dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua eta Gorte Nagusiak premiatzen ditu “Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoa indargabetzeari ekin diezaioten, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du indargabetze hori babestu eta eska dezan”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak dio bai Konstituzioaren 135. artikulua bai eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoa “interes orokorraren eta herritarren eskubide sozialen aurkako eraso bat” direla, “aurrekontuak eta inbertsio publikoak kate motzean lotzeko pentsatu eta taxututakoak”, izan ere, administrazio publikoen zorpetze-ahalmena mugatzeaz gain, “beren kudeaketa efizienteari esker lortutako diruzaintzako gerakinak eta aurrekontuko superabitak baliatzea galarazten baitute”.

 

Ildo horretan, azpimarratzen da “behar-beharrezkoa” dela muga hori desagerraraztea, “are gehiago une honetan, neurri sozial eta sanitarioak finantzatzeko, bai eta COVID-19ak eragindako hondamen ekonomikoa leheneratzeko”.

 

Isabel Aramburu (Geroa Bai) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin, Ángel Ansa, José Suárez, Miguel Bujanda, Yolanda Ibáñez, Maribel García Malo (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Laura Aznal, Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (88. NPAO, 2021-08-21ekoa)