Nafarroako Gobernua premiatzen da kulturako lanbideei buruzko lege proiektu bat bultza dezan
Edozein krisi-egoeraren aurrean bereziki ahula den sektore baten gaikuntza, espezializazioa eta profesionalizazioa ziurtatzeko 1/2019 Foru Legea betetzea aldarrikatzen da
Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Kulturako lanbideei buruzko foru lege proiektu bat bultza dezan”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “partaidetza-prozesu bat ireki dezan lege hori idazteko. Prozesu horretan, inplikatutako eragile guztiak sartuko dira, Nafarroako kultura-sektorearen espezifikotasun bakoitza kontuan hartzeko”.
Era berean, eta “Covid-19aren krisiaren ondorioz Nafarroako egoera pertsonalen eta proiektu artistikoen egungo egoera izugarri larria dela oharturik”, Nafarroako Gobernua premiatzen da “abiaraz dezan, ahalik eta lasterren, Kultura alorrerako talka-plan bat. Estatuak taxututako neurrien osagarri izanen dena”.
Plan horrek, zehazten denez, jaso beharko luke “Sektore Publikoak Nafarroako artisten eta taldeen kontzertuak eta hainbat emanaldi eszeniko eskuratzea, etorkizunean egin daitezen, egungo murriztapenak gainditzen direnean. Bertako kultura eta euskarazko ekoizpenak babesteko berariazko neurriak” ere jaso beharko lituzke, eta bermatu beharko luke “kultur ekimen pribatuei laguntzeko neurriak taxutzea (jaialdiak eta abar), 17/2020 Errege Lege-dekretuaren II. kapituluko 4. artikuluan sektore publikorako jasotakoen ildotik”. Era berean, jaso beharko luke “Nafarroako sektore publikoarentzako ezohiko zuzkidura bat, Nafarroako arte garaikidea eskuratzekoa”, bai eta “kultur kontsumoa sustatzeko kultur bonuetarako formulak”.
Azkenik, eta kasu honetan PSN, Geroa Bai, eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, Nafarroako Gobernua premiatzen da “egoki diren ekintzak diseina eta gauzatu ditzan, kultur arloko artista eta profesionalei oinarrizko estaldura ekonomikoa emateko, baldin eta, artegintzan dedikazio esklusiboa izanik, ezin badira sartu Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra aldatzeko ezohiko neurrian, maiatzaren 5eko 17/2020 Errege Lege Dekretuaren II. kapituluaren 2. artikuluan aurreikusitako langabezia-prestazioa jasotzeko, ezta autonomoen sektoreari laguntzeko laguntzetan ere”.
Azken bi atal hauek hau EH Bilduren eskariz gehitu dira, aurkeztu dituen gehitzeko zuzenketak PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, ekimenaren sinatzaileek onartu baitituzte.
Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztutako ebazpenak azaltzen du “kultura-ekipamenduen itxierak eta haien jarduera eta ikuskizunak bertan behera geratzeak” agerian utzi duela kultura-sektoreak “oso baldintza eskasak dituela garapen profesionalean, eta oso ahula dela krisi-egoeren aurrean, eta horregatik beharrezkoa dela “jardunbide egokiak eta kode deontologikoak” sor daitezen, baita kultur sektoreetan lan egiten duten pertsonen profesionalizazioa bermatzea ere, “edozein egoera ekonomiko, sozial edo historikori” aurre egiteko.
Horregatik eta kulturak “lehen mailako elementu integratzaile eta zerbitzu publiko gisa” duen garrantziagatik, kulturaren arloko profesionalak babesteko politika publikoei beste bultzada bat ematea eskatzen da, Nafarroako Kultur Eskubideei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 32.a) artikuluari jarraiki.
Testuinguru horretan eta gizartea urruntzeko arauek jendearengan izan duten eta eraginen duten inpaktua dela-eta, beharrezkoa da “erreskate ekonomikoko eta profesionaleko neurriak ezartzea” Nafarroako kultura sektorearen bizirautea baldintza duinetan bermatzeko.
Hori guztia bermatzeko, sustatzaileek ondorioztatzen dute kultura-kudeaketako eta -bitartekaritzako profesional onak behar direla, eta haien erregulazioa edozein egoera ekonomiko, sozial edo historikotan bermatu behar dela.
-
Mozioa (54. NPAO, 2020-05-19koa)