Noiz argitaratua Asteazkena, 2026.eko Maiatzak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da lagun egiteko animaliak babesteko zerbitzua kudeatzeko eredu mankomunatu bat bultza dezan.

Legebiltzarrak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren proposamena babesten du, harrera-zentroen sarea, finantzaketa-sistema egonkor eta nahikoa eta ebaluazio-eredu koordinatu eta eraginkorra bultzatzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak mozio bat onetsi du gaur, UPN, PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta Geroa Bairen eta PPNren abstentzioekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “bultza dezan, toki-entitateekin lankidetzan eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin koordinatuta, lagun egiteko animaliak babesteko zerbitzua kudeatzeko eredu integral bat, prestazio mankomunatuan oinarritua, lurralde osoan arreta homogeneoa, jarraitua eta kalitatezkoa bermatuko duena”.

 

Eredu hori, mozioan zehazten denez, “lurralde-mailako zentro-sare baten bidez egituratuko da. Sare horrek berehalako arretarako eskualde-mailako larrialdi-zentroak eta egonaldi luzeko erreferentzia-zentro bat, Nafarroako Gobernuak kudeatua, konbinatuko ditu, eta baliabide osagarria izanen da adoptatu ezin diren animalientzat edo premia bereziak dituztenentzat, santutegi gisa”.

 

Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat du, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “finantzaketa-lerro zuzen, egonkor eta nahikoa ezar dezan, mankomunitateekin eta toki-entitateekin adosturik,,  kofinantzaketa-eredu batean oinarrituta, funtzionamendu-kostu arrunten (langileak, etengabeko albaitaritza-arreta eta mantentze-lanak barne) eta sarea garatzeko beharrezkoak diren inbertsioen estaldura bermatzeko, tresna egonkorren bidez, bereziki lankidetza-hitzarmenen bidez, dirulaguntza puntualetan soilik oinarritutako eredua gainditurik”. Atal hau eta hurrengoa UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin PPNren abstentzioarekin onetsi dira.

 

Era berean, hirugarren puntuan Nafarroako Gobernua premiatzen da “lankidetza-esparru komun bat adostu dezan toki-entitateekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin, modua emanen duena sistemaren plangintza, koordinazioa eta ebaluazioa egiteko, langile espezializatuak prestatzeko, jarduera-protokoloak bateratzeko eta foru-mailan adopzio-sistema bakar eta publiko bat ezartzeko, zentro guztietako informazioa zentralizatuko duena eta lurralde osoan animalientzako aukera-berdintasuna bermatuko duena”.

 

Zioen azalpenean, PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeek bultzatutako erabakiak bere egiten du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak helarazitako proposamena, 19/2019 Foru Legearen aplikazio-arazoak zuzentzeko, besteak beste, harrera-zentroen sare bat, egungo dirulaguntzen ereduaren ordezko finantzaketa-sistema egonkor bat eta ebaluazio-eredu partekatu bat barne hartzen dituen planteamendu mankomunatu batetik abiatuta.

 

Bilkurako buru Blanca Regúlez (Geroa Bai) izan da eta hauek guztiak joan dira: Félix Zapatero, Isabel Olave, Marta Álvarez, Yolanda Ibáñez (UPN), Carlos Mena, Ramón Alzórriz, Maite Esporrín (PSN), Oihan Mendo, Adolfo Araiz (EH Bildu), Javier Ollo (Geroa Bai), Irene Royo (PPN) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).