Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Otsailak 11

Nafarroako Gobernua premiatzen da lana banatzea bultzatzeko bideak azter ditzan

Proposatzen da biltzar bat antola dadila, kreditatutako adituekin, arrakastari buruzko esperientziak zabaltze aldera, behar den lege-esparrua sortzeko

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren abstentzioekin, erabaki bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita "lana banatzea bultzatzeko bideak azter ditzan (barne-plangintza hobetzea, lanaldia doitzea edo murriztea, aparteko orduak deuseztatzea, aurretiko erretiroa hartzea eta errelebo-kontratuak egitea), ateratzen diren ondorioak geroago Parlamentu honi aurkezteko."


Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badauka, non UPN eta PPNren abstentzioekin, foru gobernua premiatzen baita "azterlan bat egitera administrazioan lana banatzeko aukerei buruz, baita haiek gauzatzeko aukerei buruz, eta 39/2014 Foru Dekretua aldatzera, Funtzio Publikoaren Mahaiko sindikatuekin bat". Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute.


Halaber, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da "Nafarroan lanaren banaketari buruzko biltzar bat antola dezan, kreditatutako adituekin, arrakastari buruzko esperientziak zabaltze aldera, behar den lege-esparrua sortzeko, Gizarteko Laneko Departamentuaren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta interesa duten beste eragile batzuen lankidetza edukita". Atal hori ere onetsi da, aurrekoaren boto berdinekin.


Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak aldeztutako erabakiaren zioen azalpenean gogora ekartzen da “Espainian ia 5 milioi langabetu badaudela, 41.900 Nafarroan”, eta hau azpimarratzen da: “lanaren banaketa ardatz bat da pertsonen duintasuna eta gizakiaren beharrak asetzea politika publikoen erdigunean kokatzeko”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (38. NPAO, 2015-12-07koa)