Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Martxoak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da landa-eremuetan biblioteka-zerbitzu ibiltaria bultzatzen jarrai dezan

Auritzberri, Lizarraldea eta Leitzako bibliobusek ahalbidetzen dute liburuak mailegatzeko zerbitzua landa-herrietako 15.000 biztanleri baino gehiagori zabaltzea

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “liburutegi-ibiltarien zerbitzuak bultzatzen eta finkatzen jarrai dezan arian-arian, halako moduan non 2030a baino lehen landa-eremuetako herritar guztiek baliatu ahal izan dezaten funtsezko zerbitzu publiko hori”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak, liburutegi-zerbitzu mugikorren berezitasunak aintzat hartuta, "landa-ingurunean sormena eta irakurtzeko ohitura sustatzeko tresna eraginkorra" finkatzeko deia egin du, oraingoz, Pirinioetan (30 herri, 15 udalerri, 3.000 biztanle), Lizarraldean (51 herri, 8.500 biztanle) eta Leitzan (Arano, Goizueta eta Areso, 4.100 biztanle) finkatu dena.

 

"Biblioneta" deritzon biblioteka-zerbitzua 1998tik ematen da Aurizberrin. Liburutegi-zerbitzu ibiltaria ematen du Pirinioetako landa-ingurune sakabanatu horretan. Ekimen arrakastatsu eta txalogarri horrek –zeinak hainbat sari jaso baititu estatuan– lau haranetan banatzen diren 3.000 biztanleri eman diezaieke biblioteka-zerbitzua; guztira, 30 herri (kontzeju) eta 15 udal dira.

 

Estellerriko "bibliobusa", berriz, 2020an jarri zen abian, ibilgailua erosi eta ondoren egokitu zenean. Halatan, egiaz abian jarri zen 2022ko urrian, 28 herritan barrena ibiltzen hasi zenean, eta herrien kopuru hori handituz joan da gero. 8 ibilbide egiten ditu 2024ko urtarrilaz geroztik; guztira, 51 herritara eta 8.500 biztanle ingururengana heltzen da.

 

Leitzako liburutegiaren kasuan, antzeko proiektu bat da abian. "Liburutegi ibiltaria" deritzon proiektu hori herriko liburuzainaren ekimenez sortu zen, eta horri esker liburuen mailegu-zerbitzua beste herri batzuetaraino heltzen da (Arana, Goizueta eta Areso), eta 4.100 biztanleri eman diezaieke zerbitzu hori.