Nafarroako Gobernua premiatzen da legeek haurrengan daukaten inpaktuaren ebaluazio-sistema errazteko gida bat ezar dezan
Ezarriko diren neurrien balorazio eta berrikusketa prozesu bat eskatzen da adingabearen interes gorena eta dirkiminaziorik eza bermatzeko
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “gida bat ezar dezan arauek eta legeek haurrengan daukaten inpaktuaren ebaluazio-sistema errazteko, nahi gabeko eragin negatiboak prebenitzeko eta positiboak bultzatzeko.”.
Bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen zaio “aldian aldiko behaketa-saioak egiteko sistema bat ezar dezan, bai eta araudiak haurren eskubideetan nahiz ongizatean daukan inpaktuaren ebaluazio-analisi bat ere”.
Bestalde, Gobernua premiatzen da “gizartearen sektore zabalen, familien eta haurren partaidetza lor dezan. Berma dezan neska-mutikoak kontuan hartuak izatea politikak eta arauak prestatzeko eta taxutzeko prozesuan”.
Azkenik, Gobernuari eskatzen zaio “txosten bat egin dezan Nafarroako Foru Komunitateko arau eta legeek haurrengan daukaten inpaktuari buruz”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa aplikatzeak politikaren nahiz legegintzaren esparruetan dakartzan erronka handiak” aipatzen ditu, “erronka kultural, ekonomiko eta sozialak”, eta esaten du araudien eraginei buruzko ebaluazioa egiteak eragin positiboak dakartzala, “adingabearen interes gorena eta diskriminaziorik eza” bermatuz.
Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) batzordeburu izan duen bilkuran izan dira Mónica Doménech, Carlos García Adanero, Luis Zarraluqui, Ana San Martín (UPN), Virginia Alemán, Isabel Aranburu, Patxi Leuza (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Dabid Anaut (EH Bildu), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Inma Jurío, Nuria Medina (PSN), Javier Beltrán (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
-
Mozioa (113. NPAO, 2017-09-15ekoa)