Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Irailak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da legegintzaldi honetan lizita dezan Leitzako garraio publikoaren zerbitzuaren emakida berria

Legebiltzarrak abordatze integral baten beharra defendatzen du, Nafarroako landa eremu eta eskualdeetako herritarrek garraio publikoari dagokionez dauzkaten beharrizanei erantzuteko

Lurralde Kohesiorako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin (Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “balioetsi egiten du ipar-mendebaldeko hiriarteko garraio publikoaren zerbitzua hobetze aldera uda honetan ezarri den aldi baterako konponbidean egindako aurrerabidea, zeinak Leitzari eragiten baitio, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du egiturazko behin betiko konponbide bat eman diezaion, legegintzaldia bukatu aitzin zerbitzuaren emakida berria lizitatuta”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “abordatze integral bati ekin diezaion Nafarroako landa eremu eta eskualdeetako herritarrek garraio publikoari dagokionez dauzkaten beharrizanak ezagutzeko eta horiei erantzuteko, zerbitzuaren emakidak ahal bezain laster berrituta”. PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk abstentzioa bozkatu dute, gainerakoek aldeko botoa eman dute.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak pasa den ekainaren 29an Leitzako Udaleko ordezkaritza batekin izandako lan-bilkura aipatzen du, bertan azaldu baitzituzten Leitzaldeko garraio publikoaren zerbitzuaren gabeziak, zeinak eragin zuzena daukan “landa eremua jendez husteari, jasangarritasunari, genero-arrakalari edo pertsona zaharren autonomia ezari begira”.

 

Ildo horretan eta 1.625 sinadura bildu dituen herritarren ekimen masibo bati esker abuztuaren 2az geroztik zerbitzuaren eta herritarren onerako eman den urratsa balioan jarriz (zerbitzuaren maiztasuna areagotu egin baita astelehenetik larunbatera bitarte eta igande eta jaiegunetan ere hasi da ematen zerbitzua), ebazpena sustatu duenak konponbide egonkor eta behin betikoa eskatzen du, “zerbitzuaren emakida behingoz lizitatuz”.

 

Amaitzeko, Nafarroako beste eremu batzuetan arazo bera dutela azpimarratu ostean, “jendez hustearen arazoari aurre egiteko estrategiarekin bat, abordatze integrala” eskatzen da, “eskariak aztertzeko, emakidak berritzeko eta mugikortasun eta irisgarritasun eskubidea bermatzeko”.

 

Virginia Magdaleno (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Miguel Bujanda, Iñaki Iriarte, Elena Llorente, Yolanda Ibáñez, Patxi Pérez, Javier García (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Jorge Aguirre (PSN), Mikel Asiáin, Uxue Barkos (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Adolfo Araiz (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).