Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Ekainak 29

Nafarroako Gobernua premiatzen da Lizarrako García Orcoyen Ospitalean hemodialisiko unitate bat sortzeko beharra balora dezan

Lizarraldeko gaixoek Iruñeko eta Tuterako Osasun Barrutietan arreta jaso ondoren egiten dituzten “bidai nekagarriekin” amaitu nahi du Ganberak

Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Lizarrako Osasun Barrutiaren egoera azter dezan, giltzurruneko patologiari eta, zehazki, hemodialisiari dagokionez, terapia hori behar duten gaur egungo pazienteen kopurua eta terapia hori eskatzen dutenen hazkundeari buruzko perspektiba baloratzeko, García Orcoyen ospitalean hemodialisiko unitate bat sortu behar den ala ez baloratzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak, bigarren atalean, Foru Exekutiboari eskatzen dio “azterlanaren emaitzak horretarako bidea ematen badu, Hemodialisikoi Unitatea eraikitzeko azterlana lehenbailehen lizitatzeko eta 2022an obrak hasteko. Azterlanak ez badu justifikatzen Hemodialisiko Unitatea ezartzea, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du azter eta balora ditzan paziente horiek tratamendua jasotzeko joan-etorrietarako modalitateak, nahitaezko bidaiek eragindako eragozpenak ahal den guztian gutxitze aldera”.

 

Testua PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako ordezteko zuzenketa baten emaitza da, EH Bildu ekimenaren titularrak onartu baitu.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Lizarrako Osasun Barrutian Hemodialisiko Unitate bat eraiki dezan eskatzen du, tratamendu gogorrak jasaten dituzten gaixoek ez ditzaten “bidaia nekagarriak” egin, izan ere, Iruñeko eta Tuterako Osasun Barrutietan jasotzen baitute arreta.

 

Adierazten denez, Nafarroan 360 lagun inguruk jasotzen dute giltzurrunerako ordezko terapia hau, giltzurruneko arazoak dituztenei ahalbidetzen diena odoleko hondakin eta isurkiak ezabatzen, kanpoko iragazki baten bidez.

 

Marta Álvarez (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Elena Llorente, Ángel Ansa, José Suárez, María Jesús Valdemoros (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Mikel Buil (A.P.F. Podemos-Ahal Dugu).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (75. NPAO, 2021-06-03koa)