Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Irailak 23

Nafarroako Gobernua premiatzen da modulu ekonomikoak alda ditzan eta toki-entitateekin hitzarmenak zabaldu ditzan, zentro publikoetan COVID-19aren aurkako indartze-neurriak finantzatzeko

Ohartarazten da Hezkuntza Departamentuaren protokoloa betetzeak eskatzen dituen inbertsioei udalek ezin dietela aurre egin ekainean onetsitako 25 milioiko funtsarekin

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “modulu ekonomikoak alda ditzan eta toki-entitateekin hitzarmenak zabaldu ditzan, haur-eskoletan eta derrigorrezko hezkuntzako ikastetxe publikoetan COVID-19aren aurkako indartze-neurriak finantzatzeko, itunpeko irakaskuntzan egin den bezala”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “hausnar dezan garbiketa- eta desinfekzio-jarraibideak malgutzeaz landa-ikastetxe txikiei dagokienez, ikasle-kopuruaren arabera”. Atal hau EH Bilduk era Navarra Sumak sinatutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentariak sustatutako ebazpenak azaltzen du Nafarroako Gobernuak itunpeko sarerako 9,5 milioiko inbertsioa baimendu duela, hezkuntza itunaren modulu ekonomikoak aldatuta, COVID-19tik heldu diren aparteko gastuei aurre egiteko, eta hori dela eta, toki-entitateekin hitzarmenak zabal daitezen eskatzen du haur eskola eta ikastetxe publikoekin gauza bera egin dadin.

 

Sustatzaileak dioenez, Hezkuntza Departamentuak onetsitako protokoloa betetzeak garbiketa-zerbitzua indartzea eta plantillak sendotzea eskatzen du, eta inbertsio horiek udalek jada egindako gastuari gehitzen zaizkiola, eta ezin diotela aurre egin toki entitateentzat ekainean onetsitako 25 milioiko funtsarekin.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira José González, Alberto Bonilla, Javier García, Iñaki Iriarte, Elena Llorente, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Carlos Mena (PSN), María Solana, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Txomin González (EH Bildu) eta. Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (95. NPAO, 2020-09-11koa)