Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Otsailak 1

Nafarroako Gobernua premiatzen da Muesko presa erromatarraren aztarnategia eta Erdi Aroko errota Kultur Intereseko Ondasun deklara ditzan

Aztarnategia ondasunari eragin diezaiokeen balizko eraikuntza, linea elektriko eta beste edozein elementutatik babesteko

Kultura eta Kiroleko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen baitio “Muesko presa erromatarraren aztarnategia eta ingurua eta Erdi Aroko errota Kultur Intereseko Ondasun deklaratzeko espedientea, barne hartuko dituena urmaelaren ontzia eta behar besteko perimetro bat, ondasunari eragin diezaiokeen balizko eraikuntza, linea elektriko eta beste edozein elementutatik babesteko aztarnategia”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean foru Gobernuari eskatzen dio “kultur intereseko ondare deklaratzeko espedientea abiatu baino lehen, lan-mahai bat era dezan ukitutako lursailen jabeekin, Muesko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuarekin, adoste aldera nola zedarritu aztarnategia babestea bermatuko duen perimetroa, bai eta sarbideak ere, hala aztarnategira nola ukitutako gainerako lursailetara”. Atal hau Geroa Baik aurkeztu duen eta Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, onartu duen gehitzeko zuzenketa baten ondorioz erantsi da.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentariak sustatutako ebazpenak K.a. I. mendean eraikitako presaren “ondare-balio handia” nabarmentzen du. Espainian “hobekien kontserbaturik dagoen presetako bat” da, neurri handi batean bere eraikuntza sendoaren ondorioz, eta oraindik ere presaren emaria erregulatzen zuen dorrea mantentzen du, baita ur-jarioa ireki eta ixten zuen egurrezko egitura ere.

 

Ildo horretan, proposamena egin duenak presa hori kultura-intereseko ondasun izendatzearen alde egin du. Presa horrek berrogeita hamar metroko luzera, bi metro baino gehiagoko lodiera eta bost metro baino gehiagoko sakonera ditu, Odrón ibaiaren urak presatzen zituen, Berrotza ibarraren zati bat urpean utzita, eta Calagurris hiri erromatarra hornitzen zuen sistema hidraulikoaren parte zen.

 

Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Miguel Bujanda, Iñaki Iriarte, Elena Llorente, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Carlos Mena, Arantza Biurrun, Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa, Pablo Azcona (Geroa Bai), Maiorga Ramírez eta Adolfo Araiz (EH Bildu).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (138. NPAO, 2022-11-30ekoa)