Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Ekainak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Gazteriaren Institutuaren, Gazteriaren Kontseiluaren eta toki erakundeen arteko Mahaia sor dezan gazte elkarteen egoera aztertzeko

Bide instituzional egokiak eskaini nahi dira elkarte-sarea eta bizitza publikoan parte-hartzea indartzeko, gizarte-aldaketarako tresna diren aldetik

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Gazteriaren Institutuaren, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren eta toki erakundeen arteko Mahaia sor dezan, gure foru erkidegoko gazte elkarteen egoera aztertzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “nafar gazteen artean gazteen elkartegintza erraztuko duen gida berri bat argitara dezan. Gida horrek genero-ikuspegia ziurtatuko beharko du ekintza eta ildo estrategiko guztietan, emakume gazteek erabakiak hartzen diren organoetan parte hartzea bultzatuta”.

 

Era berean, Gobernuari eskatzen zaio “gazteei zuzendutako sentsibilizazio-kanpaina bat egin dezan, gazteen elkartegintza aldezteko”.

 

Bestalde, Exekutiboa premiatzen da “beharrezkoak diren mekanismoak ezar ditzan, halako moduan non gazte-elkarte bat elkarteen erregistroan inskribatzen den unean automatikoki inskriba dadin Nafarroako Gazteriaren Institutuaren elkarteen erregistroan ere”.

 

Azkenik, eskatzen da “gazteen parte-hartzerako espazio autokudeatuak bultza eta babes ditzan”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak gazteen elkartegintzaren beherakada eta "pandemia garaian gazte gehienek erakutsitako gizarte-kontzientzia sendoa" lotzen ditu, eta, krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren ondorioz gazteen bizi-baldintzak okerrera egin dutela egiaztatu ondoren, "gazte-gaztetatik eta hezkuntza-arloan parte hartzea sustatzearen" alde egiten du.

 

Horretarako, "gizarte-aldaketarako ezinbesteko tresna den elkarte-sarea indartzeko eta bizitza publikoan parte-hartze aktiboa sustatzeko", Gazteriari buruzko 11/2011 Foru Legearen 34. Artikulura jotzen da, besteak beste, bi esparruak bateragarri egiteko bide instituzional egokiak eskaintzeko, autonomia galdu gabe, politikak hurbilagoak eta elkarlanekoak izan daitezen.

 

Nafarroako Gazteriaren Institutuak 2017an egindako gazteen diagnostikoaren arabera, gazteen % 7,6 baino ez zen gazte-elkarte, sindikatu edo alderdi politikoren bateko kide, 2014an baino % 3,2 gutxiago.