Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Apirilak 8

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako ijito-populazioaren garapenerako estrategia berri bat taxutu dezan 2025ean

Aurten Ijitoen Herriaren Nafarroako Kontseilua sortzeko proposamena babestu dute talde parlamentario gehienek

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoarekin eta PSNren abstentzioarekin. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak “Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako ijito-populazioaren garapenerako estrategia berri bat taxutu dezan 2025ean”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atal bat du, PPNk aurkeztutako eta EH Bilduk, ekimena sustatu duenak, onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza dena. Hala, eskatzen du “2025ean Ijitoen Herriaren Nafarroako Kontseilua sor dadin, zeinetan parte hartuko baitute Foru Administrazioko ordezkariek, toki entitateetakoek, kultuen arteko ikuspegitik ijitoekin lan egiten duten gizarte-entitateetakoek eta ijitoen elkarteetakoek (emakumeen eta gazteen ordezkaritza parekidearekin, ahal den neurrian). Kontseilu horrek kontsulta-izaera izanen du ijitoen komunitatearekin loturik Nafarroan egiten diren politiken arloan eta estrategia hau bultzatzeaz eta horren jarraipena egiteaz arduratuko da”.

 

EH Bilduk ez du onetsi, bestalde, PPNk aurkeztu duen beste gehitzeko zuzenketa bat, proposatzen zuena “ijitoek Nafarroako Foru Komunitateko parte-hartze organoetan duten presentzia eta parte-hartzea sustatzea”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gogora ekarri du Nafarroaren kasuan, ijitoen garapenerako plan estrategikoak burutu direla 2011z geroztik, eta azken estrategia 2022an amaitu zela.

 

“Estrategia horiek guztiak gorabehera, ijitoena da oraindik ere Nafarroan (eta oro har Europan) diskriminazio eta bazterkeria sozial handiena pairatzen duen sektorea. Hortaz, berariazko politikarik eduki ezean, edo politikak gizarteratzearen plan orokorrean soilik kokatuz gero, Europako esparruan proposatutakoaren aurka joanen ginateke”, defendatu du EH Bilduk.

 

Txomin González (EH Bildu T.P.) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak honakoak izan dira: Raquel Garbayo, Marta Álvarez, Leticia San Martín, Javier Trigo (UPN T.P.), Olga Chueca, Kevin Lucero, Ainhoa Unzu (PSN T.P.), Javier Arza (EH Bildu T.P.), Isabel Aranburu, Itxaso Soto (Geroa Bai T.P.), Maribel García Malo (PPN T.P.) eta Daniel López (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa T.P.).

 

•          www.nafarroakoparlamentua.eus 

•          Mozioa (43. NPAO, 2025-04-04koa)