Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Martxoak 7

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako ikastetxe ez-unibertsitarioetako jantokiak arautzen dituen araudia alda dezan

Despopulazio-arrisku muturrekoa eta bizia duten udalerrietan bizi diren ikasleak dirulaguntza jasotzeko eskubidea duten ikasleen artean sartzeko

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “Nafarroako ikastetxe publiko ez unibertsitarioetako jantokiak erregulatzen dituen araudia alda dezan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea duten ikasleen artean sartzeko despopulazio-arrisku muturrekoa eta bizia duten udalerrietan bizi diren ikasleak, hala eskualde-ikastetxeetakoak nola unitarioetakoak, baldin eta eskola-jantokiaren zerbitzua eskatzen badute, gutxienez bermatuta arrazoizko diru-tarte bat, errenta oinarri hartuta, ikasle ez-garraiatuek ordaindu beharreko kuotetan hainbesteko alderik egon ez dadin”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua aho batez premiatzen du “departamentuen arteko ekinez lan egin dezan landa-eremuko ikastetxeak sendotzera, landa-eremuan lan-bizitza eta familia bateragarri egitea erraztera eta despopulazioaren aurka borrokatzera zuzendutako neurri eraginkorrak hartze aldera”.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Izquierda-Ezkerrak, ekimenaren titularrek, onartu ez duten ordezkapen zuzenketa aurkeztu du PSNk, “dirulaguntzak errenta muga jakin batzuen arabera” baldintzatzeko.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentariek sustatutako ebazpenak Nafarroako Gobernuak 2023rako aurrekontu akordioan hartutako konpromisoa oroitarazten du, izan ere, konpromisoa hartu zuen, “kasuan-kasuan, eskola-jantokien araudia berrikusi eta aldatzeko, gutxienez arrazoizko diru-tarte bat bermatze aldera, errenta oinarri hartuta, ikasle ez-garraiatuek ordaindu beharreko kuotetan hainbesteko alderik egon ez dadin, arreta berezia jarrita despopulazio arriskuan dauden landa-eremuei”.

 

Adierazten denaren arabera, despopulazio-arrisku muturrekoa bezala kalifikatutako udalerrietan bizi diren ikasleek, eskualdeko zentroetan zein zentro unitarioetan, jantoki-zerbitzua eskatzen badute eta ikastetxea dagoen udalerri berean bizi badira, 10 edo 14 € arte ordaintzen dute eguneko eskola-jantokiagatik. Zehazki, 8 ikastetxek (eskualdekoak eta bateratuak) dute arazo hori, Erron, Aurizberrin, Luzaiden, Garraldan, Otsagabian, Erronkarin, Goizuetan eta Jauntsaratsen.

 

Ildo horretan, aipatzen dute Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 110.000 euroko partida bat dagoela 1.500 biztanle baino gutxiagoko herriei dirulaguntza bat emateko, baimendutako eskola-jantokietako ikasle ez-garraiatuei zuzenduta. Dena den, “partida horren banaketa-irizpideak aldatu behar dira despopulazio arriskuan dauden landa-eremuei bereziki arreta emateko”, diote.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Pedro González, José Suárez, Elena Llorente,  Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Ainhoa Unzu (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

*Podemos-Ahal Dugu ez da bilkuran egon.

 

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (26. NPAO, 2023-02-15ekoa)