Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan adostu ditzan lan-istripuen aurkako neurri berriak
Ganberak baliabide gehigarriak eskatu ditu Lan Ikuskaritzak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea zorrotz betetzen dela bermatu ahal izateko
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan negozia eta adostu ditzan lan-istripuen aurkako neurri berriak eta ekintza osagarriak”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “Lan Ikuskatzailetzak Foru Komunitatean dituen baliabideak eta plantilla handitu ditzan, kontrol handiagoa bermatze aldera enpresek laneko arriskuen prebentzioaren arloko legeria betetzeari dagokionez”.
Azkenik, eta EH Bilduk eta ekimenaren titularra den Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako gehitzeko in voce zuzenketa baten bidez, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “neurri eraginkorrak ezar ditzan laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko”. PSNk abstentzioa bozkatu du atal honetan.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak Nafarroan hautemandako lan-istripuen hazkunde nabarmenaren berri ematen du, 2022ko lehen seihilekoan erregistratutako lan-istripuak % 13,33 gehiago izan baitziren 2021eko aldi berekoak baino, eta ohartarazten du “erregistro txarrenak dituzten erkidegoetatik bosgarrena” dela.
Hori dela eta, “enpresaburuei, Nafarroako Gobernuari eta gizarte-eragileei” joera “onartezin” hori iraultzeko eskatzen die, neurri handi batean Lan Ikuskatzailetzak dituen baliabide tekniko eta materialen defizitaren ondoriozkoa dena.
Gauzak horrela, eskatzen da Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzan plantilla handitzea, kontrol eraginkor baten bidez Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea betetzen dela bermatzeko.
María Solana (Geroa Bai) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Maribel García Malo, Iñaki Iriarte, José Suárez, Carlos Pérez-Nievas, Pachi Pérez (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Javier Lecumberri, Virginia Magdaleno (PSN), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Laura Aznal, Maiorga Ramírez (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).