Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen exekuzio eta bideragarritasun integrala berma dezan
Ganberako gehiengoak berretsi egiten du azpiegitura horren izaera estrategiko eta egituratzailearekin duen konpromisoa, ezinbestekoa baita Erriberako garapen ekonomiko jasangarrian aurrera egiteko
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, Geroa Bairen, PPNren, Contigo-Zurekinen, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “berma dezan, zalantzarik gabe, Nafarroako Ubidearen Bigarren Fasea osorik eginen dela, bermatuz Erriberako 70.000 biztanlek baino gehiagok kalitatezko ura kontsumitzen ahalko dutela, eta 21.522 hektarea ureztatzen ahalko direla, horri esker aurrera egin ahal izanen baitugu erkidegoaren lurralde-garapen jasangarrian eta Erriberaren garapen ekonomikoan”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, EH Bildu eta Contigo-Zurekin taldeen aurkako botoekin, Foru Exekutiboari eskatzen dio “publikoki ziurta dezan, txosten tekniko egiaztagarrien bidez, Itoizko urtegiko ur-baliabideak nahikoak direla eta proiektua teknikoki eta juridikoki bideragarria dela, egungo eta etorkizuneko erabiltzaileen konfiantza indartuz”. UPNk, PSNk, Geroa Baik, PPNk, CTalde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak aldeko botoa mantendu dute.
Aldi berean, EH Bilduren aurkako botoarekin, berresten da “Nafarroako Ubidea Nafarroa osorako estrategikoa eta egituratzailea dela, eta haren garapena irizpide tekniko, sozial eta interes orokorreko irizpideekin amaitzeko beharra”.
PPNk hiru zuzenketa aurkeztu ditu, baina UPN ekimenaren titularrak ez ditu onartu. Lehenik eta behin, proposatzen zuen Nafarroako Gobernua eta CANASA sozietate publikoko kontseilukideak premiatzea “Nafarroako Ubidearen bigarren fasea premiaz lizitatzea exijitu dezaten. Eta Espainiako Gobernuari exijitzea behar bezala finantza dezala CANASA sozietate publikoa”.
Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “Espainiako Gobernuari laguntza eska diezaion CANSA sozietate publikoaren egoera finantzarioa konpontzeko neurriak hartzeko, behar bezala funtzionatzeko eta garatzeko behar dituen baliabide ekonomikoak bermatuz, Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen premiazko lizitazioa posible izan dadin”.
Hirugarrenak "gutxienez" 21.522 hektarea ureztatzea bermatu nahi zuen.
UPN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak, zioen azalpenean, oroitarazten du udal, ureztatzaile-elkarte eta eragile ekonomiko eta sozial askok orain dela gutxi aho batez babestu dutela fase hori eta lehenbailehen gauzatzeko eskatu dutela, bai eta aurreikusitako 21.522 hektarea guztiak bermatzeko ere”.
Proposamena egin duenaren hitzetan, “ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuak zeregin aktibo eta argitzailea bere gain hartzea, proiektuaren informazio teknikoa eta segurtasun juridikoa indartuz. Nafarroako Ubidea ez da soilik ureztatze-kanal bat; Nafarroarako estatu-obra bat da, ura eskuragarri edukitzea bermatzen duena, epe luzerako ondasun komun gisa, Erriberarentzat eta foru-lurralde osoarentzat”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (58. NPAO, 2025-04-30ekoa)