Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Martxoak 2

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroan atletismoko pista estali bat eraikitzeko proiektua bultza dezan

Navarra Sumak 2019ko abenduan Parlamentuak hartutako konpromisoa aldarrikatu du, Nafarroako kirolarien arrakasten interes soziala eta inpaktu mediatikoa azpimarratuz

Kultura eta Kiroleko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta I-Eren aldeko botoekin eta PSN eta EH Bilduren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “albait lasterren abiaraz ditzan Nafarroan atletismoko pista estali bat eraikitzeko izapideak, hartara beteko baitira Nafarroan beharrezkoa den premia bat nahiz Nafarroako Parlamentuak 2019ko abenduan adierazitako borondatea”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2019ko abenduan Parlamentuak ebazpen baten bidez hartutako konpromisoa gogorarazi du, non pista estali bat eraiki zedin eta hori 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jaso zedin onetsi zen, eta nabarmentzen du Nafarroa dela –Kanariar Uharteekin batera– gisa horretako azpiegiturarik ez daukan Espainiako erkidego bakarra.

 

“Inongo aurrerabiderik egin gabe 25 hilabete pasa ostean”, sustatzaileak dio “hainbat batzorde, agerraldi, epe, Gobernuaren erantzun eta promesa” izan direla hilabete hauetan guztietan bete ez direnak. “Une honetan daukaguna da pista estali baten bideragarritasunari eta premiari buruzko azterlan bat, Gobernuak orain dela lau hilabete iragarri zuena eta zeinaren berri ez daukagun”.

 

Ildo horretan, “Nafarroako atleten arrakastak eragindako interes soziala eta inpaktu mediatikoa” aipatzen dira, 2.500 inguru federatuen eta profil amateurragoen artean, nabarmentzeko “premiazkoa” dela 2019ko martxoaren 5ean Nafarroako Atletismo Federazioak Parlamentuan esplizituki egindako behar larriari erantzutea.

 

Bilkura Isabel Olavek zuzendu du (Navarra Suma), eta bertan izan dira Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Javier García, Cristina Ibarrola, Miguel Bujanda, (Navarra Suma), Carlos Mena, Jorge Aguirre, Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

Mozioa (18. NPAO, 2022-02-11koa)