Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urtarrilak 19

Nafarroako Gobernua premiatzen da NOU-ko Haur eta Gazteen Ospitaleratze Psikiatrikoko Unitatearen presako erreforma egin dezan

Pandemiaren ostean eskaria artatzeko gai ez den dotazioaren egiturazko ahuleziak ikusita, arreta egokia emateko behar adina baliabide bermatzeko eskaera egin du Ganberak

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Haur eta Gazteen Ospitaleratze Psikiatrikoaren Unitatearen presako erreforma egin dezan, gutxienez izan ditzan zortzi ohe, laguntza-jarduera modurik onenean egiteko gune komun nahikoak eta kalitatezko osasun-laguntza bermatzeko giza baliabide egokiak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “psikiatriako plan funtzionala gara eta ezar dezan, horri esleituz horretarako behar diren baliabide ekonomikoak”.

 

Bestetik, eskatzen da “beste ospitaleratze-modalitate batzuk azter ditzan, hala nola etxeko ospitaleratze psikiatrikoa, haur eta nerabeentzat”.

 

Gainera, Gobernua premiatzen da “osasun mental komunitarioko programak indartu eta ugaritu ditzan, batez ere eskola- eta ikasketa-inguruneetan eta familiei laguntzekoetan”. Azken hiru paragrafoak Geroa Baik aurkeztu duen eta EH Bilduk, ekimenaren titularrak, onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza dira.

 

Azkenik, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu duten in voce zuzenketa baten ondorioz, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “haur eta gazteentzako eguneko ospitale berri bat ere sor dezan”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak adierazten du Haur eta Gazteen Ospitalizazio Psikiatrikoko Unitatean zerbitzuak gorakada handia izan duela laguntza-jardunari dagokionez; izan ere, ohiko okupazio-indizeak ia bikoiztu egiten du edukiera (bi gelatan banatutako lau ohe). Egoera horrek egonkor jarraitzen du pandemiaren ondoren, eta, beraz, luzamendurik gabe neurriak hartzeko deia egiten du, egiturazko defizita ikusita, baliabide egokiak bermatzeko.