Nafarroako Gobernua premiatzen da NUPen Matematikako Gradua eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ezartzea azter dezan
Bi espezialitateen eskariak nabarmen egin duelako gora eta egoera hori bat datorrelako biztanle gehienek NUPen eskaintza akademikoa zabaltzeko duten nahiarekin
Parlamentuaren osoko bilkuran ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “NUPekin batera egin ditzan 2022-2023 ikasturtean Matematikako Gradua eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua jartzeko egin beharreko azterketak eta azterlanak”.
Onetsitako ebazpenak, bigarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “era berean susta dezan, NUPekin elkarlanean, Genero eta Berdintasun Ikasketen Katedraren sorrera eta horren abiatze ahalik azkarrena”. Geroa Baik aurkeztu duen eta Navarra Sumak, ekimenaren titularrak onetsi duen gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau. Atal hau Navarra Sumaren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren eta EH Bilduren abstentzioarekin onetsi da.
EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “Lan Mahai bat sor zezan, non ordezkatuta egonen baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zuzendaritza-taldea eta Nafarroako Gobernuari bere departamentuetatik egoki iruditzen zaizkionak, objektibotasunez aztertze eta analizatze aldera gradu berriak txertatzeko eskaerak. Gobernua behartuta egonen da Parlamentuari sei hilabetean behin informazioa ematera, lantaldearen hausnarketak eta ondorioztapenak jasoko dituen txosten baten bidez.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpena lan-merkatuan eman diren aldaketetan oinarritzen da, izan ere, Matematika Graduak “interes izugarria piztu du eta azken urteotan handitu egin baita titulazio horretako eskaria, egungo enplegagarritasun handiagatik eta tituludunen moldaerraztasunagatik, zeinari esker lana aurki baitezakete sektore ia gehienetako enpresetan”.
Ildo horretan, zehazten denez, matematikarien eskaria “bereziki hazten ari da laborategietan eta medikuntza- nahiz farmazia-ikerkuntzako enpresetan, kontsulta-enpresetan, banketxetan, finantza-enpresetan, komunikazio- eta marketin-enpresetan, hezkuntzan edo segurtasun- eta logistika-enpresetan”.
Nafarroan Matematika Gradua eskaintzen duen unibertsitate bakarra Iruñeko UNED-Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala denez gero, eman beharreko pausuak emateko eskatzen da gradu hau NUPn ezartzeko, izan ere, gaur egun 25 gradu eta 6 gradu bikoitz eskaintzen dira bertan eta gizartearen % 8k uste du "ez dela nahikoa".
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduari dagokionez, aipatzen da eskari handiko titulazioa dela (5 urtetan %120 hazi baita), baina “eskaintzen dituen irtenbide profesionalak aldatu egin dira azken urteotan, eta egun ohikoenak dira irakaskuntza (irakaskuntzako masterra eginda), errendimendua, osasungintza, kirol kudeaketa, eta aisialdia”. Matematiken graduarekin gertatzen den bezala, NUPen martxan jartzeak “gradu bikoitzei tokia eginen lieke, eta hartara, NUPen Tuterako campusa bultza liteke, Fisioterapiako gradua han egiten baita”.
-
Mozioa (50. NPAO, 2021-04-23koa)