Nafarroako Gobernua premiatzen da ohiko bizitegirako erabili gabe dauden etxebizitzen detekzio automatikoa erraz dezan
Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribatzeak dakartzan zerga- eta administrazio-neurriak gauzatu ahal izateko, baita udalerri txikietan ere
Parlamentuko osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Etxebizitzaren Nafarroako Behatokiaren bidez, 2026ko maiatza baino lehen berma dezan Etxebizitza Hutsen Erregistroko informazio automatizatua, eguneratua eta jarraitua aurkezten dela, etxebizitza hutsak identifikatzeko asmoz, politika publikoak optimizatu eta modernizatuz eta udalerriekiko koordinazioa erraztuz”.
Atal honen idazketa PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek aurkeztu duten eta EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartu duen ordezteko zuzenketa baten emaitza da.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari proposatzen dio, “Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuarekin eta haren erakunde instrumentalekin lankidetzan, 2026ko maiatza baino lehen, etxebizitza hutsen gaineko zergari buruzko informazio-zirkular bat prestatu eta zabaldu dezan, bai eta oinarrizko ordenantza edo ordenantza-eredu bat ere, udalei aukera emanen diena ordenantza propio bat garatzeko, juridikoki sendoa den aplikazio bat ziurtatuz eta hura garatzeko udal-autonomia errespetatuz”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak adierazten du etxebizitza hutsak direla Nafarroako etxebizitza-politika publikoaren erronka nagusietako bat eta, horri dagokionez, Etxebizitzaren Nafarroako Behatokia sor dadin eskatzen du, baita tresna informatiko bat gara dadin ere, zeinaren bidez Etxebizitza Hutsen Erregistroan bildu, prozesatu eta jaso beharko liratekeen ur-, gas- eta elektrizitate-hornidura gabezia duten etxebizitzen kontsumoari buruzko datuak, edo legearen arabera kontsumo bereziki txikiak dituzten etxebizitzenak.
Gaineratzen denez, etxebizitza bat Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribatzeak hainbat ondorio juridiko eta administratibo ditu, bai foru-mailan, bai udal-mailan. Alde batetik, Nafarroako Gobernuari ahalbidetzen dio Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko Foru Legean aurreikusitako sustapen-neurriak aplika ditzan. Bestalde, inskripzio horrek etxebizitza hutsen gaineko zergaren aplikazioa ere gaitzen du. Zerga hori Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu zuen urriaren 31ko 31/2013 Foru Legearen bidez sartu zen foru-ordenamenduan. Erregulazio horri esker, udalek, tributuen arloan dauzkaten autonomiaren eta eskumenen barruan, ordenantza fiskal propioak onesten ahal dituzte beren udal-mugarteetan etxebizitza hutsen gaineko zerga ezartzeko eta aplikatzeko, kasuko zerga-tasak, hobariak eta kudeaketa-prozedurak ezarrita.
Hala ere, Nafarroako udal gehienek oraindik ere ez dituzte ezagutzen edo erabiltzen zerga- eta administrazio-tresna horiek, batez ere udalerri txikietan, non baliabide teknikorik eta giza baliabiderik ez dagoenez, zaila baita tresna horiek praktikan jartzea. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Nafarroako toki-entitate gehienak biltzen dituen erakundea den aldetik, zeregin aktiboa izatea arlo horretan.
Mozioa (123. NPAO, 2025-10-24koa)
Archivos adjuntos