Nafarroako Gobernua premiatzen da osa dezan egungo Elikadura Osasungarriaren Nafarroako Estrategia
Estatuari dei egiten zaio lege-mailako arau bat gara dezan, haur- eta gazte-populazioa babeste aldera produktu ultraprozesatuen publizitatearen eraginetik
Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta UPN, PPN, Talde Misto eta atxiki gabekoaren aurkako botoekin. Erabaki horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak osa dezan egungo Elikadura Osasungarriaren Nafarroako Estrategia, nutrizioari eta bizitza aktiboa eta osasungarria izateko ohiturei buruzko heziketa ardatz duena, populazioaren arriskuak desagerraraztera bideratutako neurriekin”.
Aipatutako neurrien artean dago “haurrek elikagai ultraprozesatuak –gantz aseetan eta/edo azukre sinpleetan aberatsak direnak–, bai eta edari energetikoak eta/edo edari azukretsuak eskuratzeko dituzten aukerak mugatzea edo debekatzea (Galizia)”. Eskatzen dira, orobat, “haurrei eta nerabeei zuzendutako produktu horien merkaturatzerako oinarrizko nutrizio-irizpideak”, eta “elikagai eta edarien nutrizio-etiketatzeari, propietate osasungarrien adierazpenei eta sustapen komertzialari buruzko arauak sendotzea”.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “elikadura-ingurune osasungarriak berma ditzan ikastetxeen inguruetan, zonifikazio-politikak ezarriz, oso osasungarriak ez diren jakien saltokien presentzia mugatzeko eskoletatik, eskola-ibilbideetatik eta haur-parkeetatik gertu, Nutrizionisten Elkargo Ofizialak gomendatzen duenari jarraituz”.
Era berean, hirugarren puntuan, Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen zaio “gara dezala lege-mailako arau bat, haurrei zuzendutako elikagai eta edarien publizitatea arautuko duena eta haurren kolektiboa babestuko duena elikagai ultraprozesatu eta edari energetiko eta/edo azukretsu horietatik”. Zehazten denez, araudi horrek "produktu horiek zergapetzeko politika bati" lotuta beharko du egon.
Azkenik, eta Geroa Baik eskatuta, zeinaren gehitze-zuzenketa onartu egin baitu ekimenaren egile den EH Bilduk, Nafarroako Gobernua premiatzen da “presta dezan, Nafarroako Dietista/Nutrizionisten Elkargoaren partaidetzarekin, Elikadura Osasungarriaren Nafarroako Estrategia bat, nafar populazioaren elikaduraren alorreko politiken esparru orokorra izanen dena”. UPNk baino ez du botoa aldatu epigrafe honetan, abstenituz.
Aitzitik, ez da onartua izan UPNk aurkezturiko ordezpen-zuzenketa bat, xede zeukana Nafarroako Gobernuak haur-obesitatea murrizteko plan estrategiko bat presta zezan, erreferentzia-esparru gisa hartuz gai horri buruzko plan estrategiko nazionala.
EH Bildu talde parlamentarioak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean, “kausa anitzekoa” den arazo horren “baldintzatzaile sozialak” aipatzen dira, ohartarazten da “auto-erregulazioko” neurriek “eraginkortasun” txikia dutela(PAOS kodea) , eta dei egiten da “haurren eta nerabeen artean elikagai ez-osasungarrien kontsumoa sustatzen duten publizitate-kanpainen gaineko kontrola” sendotzera, populazio “bereziki zaurgarria” delako, eta gisa horretako marketin-estrategien eraginpean egoteak batere osasungarria ez den “fidelizazio” batera eramaten duelako.
Testuinguru horretan, adierazten da Nafarroako haur- eta gazte-populazioaren laurden batek gainpisua (% 15,6) edo obesitatea (% 7,7) duela, eta premiatzen da inertzia hori onbideratzera, “nekazaritzako elikagaien eta elikagai-merkaturatzearen politiken” bidez, baina baita “gizarte-, hezkuntza- eta lan-arloetakoak” direnen bidez ere.
Hori guztia, Espainiako Pediatria Elkartearen Nutrizioaren eta Amagandiko Edoskitzearen Batzordearen jarraibideekin bat esaten denez, “araudi zorrotzagoa” behar duten produktu horiek adingabeen osasunean dituzten eragin kaltegarriak arintze aldera.
• https://parlamentodenavarra.es/eu
• Mozioa (16. NPAO, 2025-02-14koa)