Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Apirilak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da ospitale publikoetan kultur ekintzak egin ditzan

Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioekin bat etorriz, zeinak uste baitu pazienteen ongizate emozionalerako neurri onuragarriak direla

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “jardun iraunkorreko programa bat landu dezan, Nafarroako ospitale publikoetan kultur ekintzak egiteko, ongizate emozionalarentzat neurri onuragarriak diren aldetik”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “jarduera kulturalen plan bat presta dezan, bereziki Nafarroako ospitaletako pediatria unitateetan ingresatuta dauden haurrei zuzenduak”.

 

Horrez gain, Foru Exekutiboa premiatzen da “ospitale eta osasun arloko guneak jarduketa artistikoekin gai ditzan, gune gizatiarragoak eta beharrizan emozionalei egokituagoak izan daitezen”. Geroa Bai abstenitu egin da.

 

Bestalde, eskatzen da “Oinarrizko Osasun Laguntzatik “errezeta kulturala” ezar dadin, jendearen oreka eta osasun mentala errazteko tresna gisa”. Navarra Sumak aurkako botoa eman du, Geroa Baik abstentzioa eta PSNk, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “2022. urtea amaitu aurretik, osasunaren alorrerako Kulturgintza eta Artegintza Plan bat aurkez dezan Nafarroako Parlamentuan, programazio bat eta jarduera-plan bat definituko dituena, ospitaleetako eta osasungintzako guneak apailatuko dituena eta Oinarrizko Laguntzan "Errezeta Kulturala" ezarriko duena". Atal hau PSN eta EH Bilduk aurkeztutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da. Navarra Sumak aurkako botoa eman du, Geroa Baik abstentzioa eta PSNk, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioak aipatzen ditu, osasun-sistemaren eta ingurune artistikoaren arteko harremana erraztuko duten jarduera-protokoloak ezar daitezen eskatzeko, “kultura-jarduerek ongizate emozional eta fisikoan duten eragin positiboa” dela-eta.

 

Horri dagokionez, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatearen azterlan bat aipatzen da, non, 20 eta 80 urte bitarteko 50.000 heldu baino gehiagoko lagin baten gainean, arte-kulturaren eta depresio- eta antsietate-mailen murrizketaren arteko harreman zuzena nabarmentzen den.

 

Horregatik guztiagatik, eta bizitza modu osasungarrian luzatze aldera, parte-hartze sozial handiagoarekin, proposatzen da kultur programazioa ospitale-eremuko berezko praktika medikoen artean sartzea.